Atzo arratsaldean bukatu zituzten Azkoitiaren700. urteurreneko ospakizunak, udaletxean hasi eta plazan bukatu zuten ekitaldi berezi batekin. Izan ere, Iosu Arrizabalaga Izer-ek eta Xabier Euzkitzek sortu duten 700 eta aurrera! abestia aurkeztu zuten herritarren aurrean, trikiti doinuz lagunduta.
Hain justu, atzo urtebete egin zuten menndeurrenaren irekiera ekitaldi, eta urtebete honetan, herritarrek berrogeita hamar ekitaldi baino gehiagoz gozatu ahal izan dute: kontzertuak, hitzaldiak, bisita gidatuak, ikuskizunak, erakusketak, liburu aurkezpenak... Horiek denak gogora ekarri zituen Ana Azkoitia alkateak udaletxeko aretoan egin zuen hitzartzean, udal ordezkariak, Azkoitia 700 batzordeko kideak eta lehenengo hauteskunde demokratikoetatik gaur arte izan diren alkateak begira zituela. Alkate ohien artean ezin izan zuten Nerea Zubizarretak eta Urrategi Alberdik egon, baina bertan izan ziren gainerakoak, Roman Sudupe, Ramon Unanue, Asier Aranbarri, Pello Bastarrika eta Javier Zubizarreta.
Azkoitiaren hitzetan, "Azkoitia 700ek balio izan digu gure iraganari, gure historiari, zer garenari eta zer izan nahi dugunari begirada sakon batetik heltzeko". Kultur agendaz haratago, Azkoitia 700ek "denboraren perspektiba" eman diela nabarmendu zuen. "Izan zirelako gara, gerelako izango dira. Egia horrekin aurrez aurre jarri gaitu Azkoitia 700ek. Aurrekoengandik ikasi, eta ondorengoekiko transmisio lana egitea gure ardura da. Nondik gatozen argitu digu Azkoitia 700ek, eta ez hainbeste, norantz goazen".
Azkoitia 700en modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei zuzenduriko esker oneko hitzez gain, batasun mezua zabaldu nahi izan du alkateak egungo erronken aurrean. "Etorkizuneko munduak argi-itzalak ere baditu. XXI. mendeko zuhaitzak denetariko hostoak ditu. Batzuk kimatu beharrekoak. Gatazka politikoak eta geopolitikoak, aldaketa klimatikoa, ziurgabetasun ekonomikoa, gizartearen zahartzea, zaintza, migrazioa, euskara eta euskal kultura, berdintasuna… arlo bakoitzean erronka handiak ditugu, eta erronka horiei gain hartzeko modu bakarra batasuna eta elkartasuna dira. Ezerk eramatekotan, guztion arteko batasunak eramango gaitu jomugara", adierazi zuen alkateak.
Azkoitiaren hitzartzearen ostean, Izerrek koadro batean abestia entregatu zion alkateari, herri oso bati egindako opari gisa, eta Azkoitiak urteurrenaren harira argitaratutako liburu bana oparitu zien alkate ohiei. Horren ostean, udaletxeko balkoira atera ziren guztiak abesti berria entzutera, eta urtebetez udaletxeko fatxadan egon den Azkoitia 700en irudia itzaldu egin zuten.