Eskerrak emanez, Azkoitiko 50 odol emaileri aitortza egin diete

Nerea Uranga 2024ko abe. 28a, 09:18

Azkoitiko odol enaileei aitortza ekitaldia atzo, Elkarguneko Herri Plaza aretoan.

Aurten 1.651 odol ateraldi egin dituzte Azkoitian, eta ateraldi bakoitzean batez beste 90 bat odol emaile elkartu dira. Hala ere, odol emaile berrien beharra aldarrikatu dute Azkoitiko Odol Emaileen Elkartekoek.

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak odola ematen duten herritarrei eskerrak emateko ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Oroigarriak banatzen hasi aurreik Ana Azkoitia alkateak eta Luis Arregi Izpizu Azkoitiko Odol Emaileen Elkartearen arduradunak hitza hartu zuten.

Azkoitiak odol emaileen elkarteak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkien boluntario egiten duten lan handiagatik. Arloz arlo boluntarioek egiten duten lanaren garrantzia ere aipatu zuen alkateak, eta "tamalez" batean zein bestean boluntarioak gutxitzen ari direla ere esan zuen. Odol emaileen elkartea eta odol emaileak eskertu zituen.

Izpizuk aurtengo odol ateraldien datuak emateaz gainera, odol emaile guztiak eskertu zituen; eta adierazi zuen Azkoitian 800etik gora direla. Hala ere, odol emaile berrien beharra aldarrikatu zuen. "Aurten, esaterako, 60 baja izan ditugu eta 66 berri hasi dira odola ematen", azaldu zuen. Hala ere, odol emaileen izaera aldatzen ari dela esan zuen Izpizuk: "Urteetako odol emaileak konstanteagoak dira, eta hasten diren berriak, berriz, aldika ezin izaten dute odola ematera joan beste konpromiso batzuk dituztelako eta".

Luis Arregi Izpizu eta Ana Azkoitia alkatea atzoko ekitaldian.

50 odol emaile omendu zituzten atzokoan: 25 aldiz odola eman duten hemezortzi ; 40 aldiz odola eman duten lau emakume; 50 aldiz odola eman duten bederatzi gizon; 60 aldiz odola emandako bost emakume; 75 aldiz odola eman duten 11 gizonezko; 80 odol emanaldi egindako emakume bat; eta ehun aldiz odola emandako bi gizon. 80 aldiz odola eman duena Urrategi Balentziaga izan da, eta ehun aldiz eman dutenak Jesus Larrañaga eta Jose Migel Irizar.

Aurten aitortza jaso duten odol emaileak, atzo Elkargunean.

Odol emaileen elkarteko ordezkariak atzo nabarnendu zuenez, Azkoitian 1.651 odol ateraldi egin dituzte aurten, 1.624 odol poltsa batuz eta 27 plasma ateraldi eginez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide