Azkoitiko Alberdi Mekanizatu Lanak enpresak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen atzo, asteazkena, Donostiako Kursaal jauregian. Erakunde publikoek zein pribatuek eta enpresek euskararen kudeaketan nahiz garapenean eman dituzten aurrerapausoak aitortu zituen Jaurlaritzak, eta hain justu, goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen herriko lantegiak. Aitzol Alberdik enpresako arduradunak jaso zuen ziurtagiria.
Aurten, guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 44 erakundek eta enpresak jaso dute Jaurlaritzaren ziurtagiriren bat: zazpik jaso dute Harrobi izeneko ziurtagiria, bostek oinarrizko Bikain ziurtagiria, zazpik erdi mailako Bikain ziurtagiria eta 25ek goi mailako Bikain ziurtagiria.
Azkoitikoaz gain, Azpeitiko Abelur kooperatiba elkartearen eta Zarauzko Arazi Ideiak Borobiltzen lantaldearen lana ere aitortu zuten erakundeek. Lurdes Alberdi Azkoitiko bizilagunak jaso zuen Abelurren ziurtagiria. Dena den, Azkoitiarekin lotura duten edo inoiz izan duten beste bi lantegik ere jaso zuten aitortza. Batetik, Danobat enpresarentzako goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen Jose Antonio Hidalgo azkoitiarrak, eta bestetik, erdi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen Soraluce lantegiak.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura zein Hizkuntza Politikako sailburuak eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak parte hartu zuten atzoko ekitaldian. 2023ko ekainean onartu zuten Jaurlaritzak erakunde publikoen eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretu berria, eta hura onartu osteko bigarren ekitaldia egin zuten atzo.