Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten lau udal taldeetako ordezkariak Malkorbide kaleko lanak ikusten izan dira gaur, asteazkena. Ana Azkoitia alkatea buru, EAJko Juan Bautista Mendizabal, EH Bilduko Iraitz Otaño, Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxaniz eta PSE-EEko Janire Igoa zinegotziak izan dira Txalonerreka eta Altamira auzoak lotuko dituen errepidea eraikitzeko lanak zer egoeratan aurkitzen diren ikusten. Bost lagun horiek Xabier Sarriegi Asmatu enpresako obra zuzendaria eta Arturo Garate udal arkitektoa izan dituzte bidelagun.
Udalak azaldu du Malkorbide kalea eta ingurua "guztiz eraldatzen" ari dela. Iazko abenduaren bukaeran hasi zituzten Txalonerreka eta Altamira artean errepidea eraikitzen. Behin bide hori eginda, Txalonerreka 10.1. eremuan —Txalonerreka auzotik begiratuta bidearen ezkerraldeko eremuan— etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiko dituzte. Bide berria eraikitzeko aurrekontua 3.875.514 eurokoa da.
Errepidearen oinarria eginda dago. (Udala)