Udaltzaingoak jakinarazi du etxebizitza batean lapurrak sartu direla eta etxejabeak etxean al dauden jakiteko lapurrek erabiltzen dituzten silikonazko hainbat seinale antzeman dituela. Horren aurrean, lapurretak saihesteko adi ibil daitezela eskatu diete herritarrei, eta hainbat gomendio eman dizkiete.
Batetik, Udaltzaingoak adierazi du ez dela fidatu behar auzokideen elkarteetara joaten diren eta "aitzakia xelebreak" jarriz etxebizitzei buruzko informazioa lortzen saiatzen diren pertsonez; bestetik, etxeko sarrerako atea giltzaz itxita dagoela ziurtatu behar dela azaldu du, baita bizilagunak barruan daudenean ere, eta batez ere, gauez. Eraikinari atxikita aldamioak baldin badaude, leihoak eta pertsianak ixteko ere gomendatu dute. Bestalde, segurtasun sistemak ezartzeko galdegin diete herritarrei.
Horrez gain, etxebizitzetarako sarreren atean markatzaileak edo hari itsasgarriak antzemanez gero, ezer ukitu gabe Ertzaintzari edo Udaltzaingoari jakinarazi behar zaiola azpimarratu dute.