'Taupa' euskaltzaleen mugimendua sortu dute "eraldaketa sozial sakon bat eragiteko" asmoz

Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 10:12

Taupa mugimenduaren aurkezpen ekitaldiko talde argazkia. (Utzitakoa)

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du asteburuan Bilbon egindako agerraldian. Hilabeteetako prozesu baten ondoren, izena ez ezik izana ere aldatu duela iragarri du, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretzeko helburua duela azpimarratu du.

Taupa euskaltzaleen mugimendua aurkezteko ekitaldia egin zuen Euskaltzaleen Topaguneak larunbat goizean Bilboko Kafe Antzokian. Mugimendu berriaren helburua "eraldaketa sozial sakon bat eragitea" dela adierazi zuten, baita Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretzea ere.

Hainbat hilabetez hausnarketa prozesua egin dute: batetik, Batera Jauzi izeneko laborategi bat egin dute, "euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertzeko"; eta bestetik, nafarren artean "euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat" egin dute, ondorio argi aterata: "Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar gara. Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu". Hala adierazi zuen ekitaldian Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak.

Euskara elkarteen bazkideetatik hasi arren, harago jo nahi dute, Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak azaldu zuenez: "Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera". Are gehiago, Irati Iciarrek, Taupako lehendakariak, erantsi zuen "asko" direla euskarari eta hiztun komunitateari ekarpena egiten dioten herritarrak, galdera bat botaz airera: "Zer gertatuko litzateke herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?". Hala, "aktibatzeko aukera berri eta berritzaileak proposatzea" izango da sarearen erronka nagusienetako bat.

"Erabileraren aroa"

Euskararen ardatzean "komunitate zabala biltzea" ere erronkatzat du Taupak: "Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu, eta horrekin batera, epel eta hotz dauden pertsona eta sektoreak posizio aldekoagoetara erakarri behar ditugu", azpimarratu zuen Iciarrek. Horretarako, esaterako, "kultur sorkuntza herrikoia bultzatzen" jarraituko dute, kanpora ez ezik barrura ere begiratuz: "Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko".

Herritarren arteko elkar ezagutzan eta harremanean jarri dute, adibidez, arreta, hizkuntza, kultur eta jatorri aniztasunaren kudeaketa gogoan: "Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da, eta euskaltzaleen mugimenduak, beste eragile batzuekin elkarlanean, zeregin handia du".

Mendizabalen hitzetan, "aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da", eta horrenbestez, "erabileraren aroa" izan behar da datorrena. Horretarako, alabaina, argi du ez dela nahikoa hiztunen borondatea: "Egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dugu bizi dugun larrialdi egoera iraultzeko. Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu". Hala, "euskaltzale mugimendu indartsu baten beharra" nabarmendu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide