Javier Elorza historialariak Azkoitiko sustraien inguruko liburua aurkeztuko du asteartean

Iraia Oteiza 2024ko abe. 13a, 11:25

Javier Elorza historialaria. (Azkoitiko Udala)

Elkargunean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 19:00etan. Egileaz gain, Juan Bautista Mendizabal liburuaren koordinatzailea, Ana Azkoitia alkatea eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kutura zuzendaria elkartuko dira han.

Javier Elorza historialariak Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda liburua aurkeztuko du datorren asteartean, 19:00etan, Elkargunean.

Liburuak 450 orritik gora ditu, eta egileak Azkoitiko hiribildua sortu aurreko egoera, hiri gutuna, kontzejuaren finkatzea, itsas jarduera eta merkataritza, Koroaren gerrak edota sasoi hartako egunerokotasuna bildu ditu zortzi kapitulutan banatuta. "Artxibo ezberdinetako dokumentuen bilketan eta transkripzioan egindako urteetako lanaren emaitza da liburua", azaldu du Elorzak.

Liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak argitaratu du Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurren ospakizunen harira. Hori horrela, egileaz gain, lanaren aurkezpen ekitaldian parte hartuko dute liburuaren kooordinatzailea den Juan Bautista Mendizabalek, Ana Azkoitia alkateak eta Maria Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendariak.

Ana Azkoitia alkateak adierazi duenez, "liburuak denboraren ikuspegia eskaintzen du, eta kontakizun historikoan murgilduta, gure sustraietan sakontzeko aukera ematen du”. Bere aldetik, aldundiko Kultura zuzendariak azpimarratu duenez, “liburu hau adibide bikaina da ikerketa historikoa gure sustraiak ulertzeko tresna ezin hobea bihur daitekeela. Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren ospakizuna aukera paregabea da gure ondarearen aberastasuna berraurkitzeko, eta Javier Elorzaren lanak begirada zorrotza ematen du horretarako”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide