Eduki babestua

Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu Gipuzkoan

Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 10:00

Hilaren 14an, zapatuan, izango dira Azkoitian egutegien banaketa egiten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –hilabete bakoitzean bana eta azala–, eta "bisualki oso erakargarria ez ezik, Gipuzkoaren nortasunaren isla" ere badela azpimarratu Jose Luis Garcia de Madinabeitiak, Gipuzkoako Argazki Elkarteko epaimahaiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Gipuzkoa 1.000 urte lelopean. 272 parte-hartzailek hartu dute parte, "Gipuzkoako txoko eta leku ezberdinen esentzia harrapatuz", eta "emaitza harrigarria eta oso anitza" izan dela adierazi du Irune Berasalucek, Gipuzkoako foru bozeramaileak.

Jose Angel Amuchasteguiren "argazki koloretsu ikusgarria" da, hain zuzen ere, aurtengo irabazlea, eta 1.000 euroko saria jaso du. Arantzazuko santutegiko kriptara jaisteko eskaileraren beiratearen argi eta koloreen jolasa islatzen du argazkiak, "Gipuzkoako ondare kulturala erakutsiz". Gainontzeko hamabi irabazleek, berriz, 250 euroko sariak jaso dituzte.

Azkoitiko banaketa

Hilaren 14an, zapatuan, egingo dute 2025eko egutegien banaketa Azkoitian, 18:00etatik 19:00etara bitartean, Udaletxeko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide