Espainiako Poliziak Azkoitiko 26 urteko emakume bat atxilotu du, adimen artifiziala erabilita 311 gizoni estortsioa egiteagatik. Europa Press agentziak ohar bidez jakinarazi duenez, "trebetasun handiz eta baliabide gutxirekin" (sakelako telefono adimendun bat, argazki muntaiak egiteko aplikazio bat eta argiztapen gailu bat) egin die iruzur biktimei. Atxilotutako emakumea bakarka aritzen zen, bere buruaren irudi faltsu bat sortuz. Adimen artifiziala erabiliz fikziozko gorputza erakusten zuen sare sozialetan, eta hori baliatzen zuen biktimak engainatuz dirua lortzeko.
Europa Press agentziak adierazi duenez, "berarekin harremanetan jartzen ziren gizonen konfiantza irabazi ostean, sexu kutsuko argazkiak eskatu" ohi zizkien haiei, eta ondoren, eduki horiek zabaltzeko mehatxua egiten zien, diru kopuru jakin bat ordaindu ezean.
Ekainetik zegoen atxilotua ikerketapean, eta haren kontu korrontera egindako ordainketei esker jakin ahal izan du Poliziak biktimen kopurua; izan ere, gizonek atxilotutako emakumeari egindako ordainketen kontzeptuetan "mehatxua gelditzeko adostutako bidalketa" edota "ezabatu, mesedez" esaldiak aurkitu dituzte. Dena den, agentziaren arabera, "biktima gehienek ez zuten jasandako estortsioa salatu, arrazoi pertsonalak tarteko". Donostian eta Malagan jarri zituzten emakumearen aurkako lehen salaketak.
Zortzi hilabetean 16.300 euro
Poliziak emakumearen aurkako "nahikoa zantzu" aurkitu zituenean atxilotu zuen hura, eta haren etxebizitza miatu gero. Orduan aurkitu zituzten xantaia egiteko emakumeak erabiltzen zuen sakelako telefonoa eta gailu horren barruan gizonak estortsionatzeko baliatzen zituen argazkiak.
Europa Pressek adierazi duenez, hasiera batean "prostituta" zela iradokitzen zuen emakumeak, gizonak bere zerbitzuak kontratatzera bultzatuz. Lehenik, Bizum bidez ordainketa bat egiteko eskatzen zien gizonei, eta gero, ez zen inoiz hitzartutako lekura bertaratzen emakumea. Ondoren, "gizonak sexu eduki argiko kanal pribatu batera batzera animatzen zituen mezularitza APP baten bidez"; Poliziaren arabera, kasu horretan ere, aurrez ordaintzera bultzatzen zituen biktimak (iruzurra zen hori ere).
Zortzi hilabetean 16.300 euro lortu zituen atxilotutako emakumeak, Poliziak leporatzen dion iruzurra aintzat hartuta.