Azkoitiko Udala Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana prestatzen ari da, ibilgailu pribatuaren ordezko aukerak bilatzearekin batera mugikortasunerako modu jasangarriagoak sustatuko dituzten neurriak definitzeko.
Plana egiteaz Leber Plangintza eta Ingeniaritzak enpresa arduratuko da. Dagoeneko hainbat neurketa egin ditu hark herrian, eta galdetegi bat ere zabaldu du herritarren artean informazioa jasotzeko. Halaber, herriko ikastetxeetan ere landu dute mugikortasun jasangarriaren gaia.
Gaiaren inguruan zehaztasun eta definizio handiagoa bilatze aldera, herritarrei zuzendutako saio irekia antolatu du udalak. Hitzordua abenduaren 11n izango da, asteazkenean, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Saio horretan planaren inguruko xehetasunak azaltzeaz gain, oinezkoen ohiturak eta bizikleten, autoen, motorren edota garraio publikoaren erabilera aztertuko dituzte.
Saio irekiarekin, egungo egoera mahaigaineratu eta proposamenak, balizko neurriak edo konponbideak jaso nahi ditu udalak, ondoren osatuko duten planaren bidez joan-etorrien jasangarritasuna indartzeko, energia kontsumoa nahiz kutsadura murrizteko, eta gune seguruagoak sortzeko.