Martxan dira Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea hobetzeko lanak, eta aurrez abisatu bezala, hasi dira obrak trafikoan eragiten. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hilaren 9tik aurrera errei bat itxita egongo da 300 metro inguruko luzeran.
Aldundiak adierazi du semaforo bidez bideratuko dutela trafikoa erreia itxita dagoen gunean. Dena den, ez da hori erakundeak eman duen ohar bakarra; izan ere, 2027. urteko apirilera arte garraio bereziko edozein ibilgailuk debekatuta izango du errepide horretatik igarotzea.
Azaroko lehen astean hasi zituzten lanak eremu horretan. Lanak gutxi gorabehera kilometro eta erdian egingo dituzte, hain zuzen, 22+950 eta 24+400 kilometro puntuen artean. Zati horretan aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, "bide segurtasuna" eta "trafikoaren arintasuna hobetzeko". Lanak 13,3 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dituzte; alegia, bi urte eta erdi eskas iraungo dute gune horretako lanek.