Pasaiako hilketa salatu du Urola Erdiko Itaiak goizean

Andoni Elduaien 2024ko abe. 2a, 11:08

Urola Erdiko Itaiako ordezkariak, birilgune gainean. (Urola Erdiko Itaia)

Indarkeria matxistaren aurrean antolatu lelopean, Juin industrialdeko biribilgunera atera dira Urola Erdiko Itaiako ordezkariak. Pasaian (Gipuzkoa) jazotako erailketa matxista gaitzetsi eta salatu dute ekintza hori eginda.

Zapatu arratsaldean bikotekide ohiak emakume bat hil zuren tiroz Pasaian (Gipuzkoa), eta hilketa hori salatzeko Azpeitiko eta Zestoako plazetara atera ziren atzo Urola Erdiko Itaiako kideak, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean. Azkoitian, berriz, biribilguneetara atera dira gaur goizean, Indarkeria matxistaren aurrean antolatu lelopean. Hain justu, Juin industrialdeko biribilgunean elkartu dira 08:00etan.

Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen hilketa berak gauzatu zuelakoan. Gizonak emakumeari tiro egin eta ihes egin zuen auto batean, baina Villabonako (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren bulegoan aurkeztu zen gero, bikotekide ohia hil zuela aitortzeko; han atxilotu zuten. Ertzaintza gertaturikoa ikertzen ari da. Urola Erdiko Itaiak gogorarazi du Euskal Herrian sei erailketa matxista jazo direla aurten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide