Etzira arte eman daiteke jantziak berreskuratzen ikasteko tailerrerako izena

Andoni Elduaien 2024ko aza. 27a, 08:37

Arropa zaharrak berritzen irakatsiko dute ikastaroan.

Ostiralera arte dago erabiltzen ez diren jantzi zaharrak berreskuratzen ikasteko tailerrerako izena emateko aukera. Ahalduntze ikastaroetako aurtengo berrikuntza da ikastaro hori. Abenduko lau arratsaldetan eskainiko du tailerra Michaela Fortovak, Elkargunean. Udaletxean edota erakundearen webgunearen bidez eman ahalko da izena.

Etzi, ostirala, itxiko da Azkoitiko Udalaren Berdintasun sailak jantziak berreskuratzen ikasteko Ahalduntze ikastaroen barruan antolatutako ikastarorako izen-ematea. Michaela Fortovaren eskutik, izena emandako herritarrek erabiltzen ez diren jantzi zaharrak berreskuratzen ikasteko aukera izango dute. Halaber, jakinarazi dute ez dagoela josten jakin beharrik.

Abenduaren 2an, 9an, 12an eta 16an eskainiko dituzte saioak Elkargunean, 15:15etik 16:45era. Izena emateko, hainbat bide eskaini ditu udalak: batetik, erakundearen Herritarren Arreta Bulegoan egin ahalko da inskripzioa, izen-emate orria beteta; eta bestetik, udalaren webgunean dagoen formularioa beteta.

Aurten, udaleko Berdintasun sailak zazpi tailer antolatu ditu Ahalduntze ikastaroen barruan, eta jantziak berreskuratzen ikasteko Upcycling-Joskera eraldatzailea deiturikoa aurrenekoz eskainiko dute. Horrez gain, beste sei ikastaro hauek daude martxan: haurdunaldirako yoga, erditze ondorenerako yoga, batukada feminista, xilografia, eta Hitz-ahalduntzen eta Berdintasunari puntadak ematen izeneko ikastaroak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide