Gipuzkoako Elikagaien Bankua janari eta bonu bilketa handia egiten hasi da. Erakundeak gaur, ostirala, eta bihar, zapatua, egingo du bilketa herriko supermerkatuetan, eta boluntarioek lagunduta, eginkizun horretan ari dira goizean goizetik.
Supermerkatuak irekita dauden bitartean egin ahal izango dituzte beren ekarpenak herritarrek. Batetik, janariak uzteko aukera ari dira ematen, eta bestetik, bonuak eskaintzekoa. Izan ere, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak jakinarazi du bonuen bidez biltzen duten diruaren gehiengoa Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeetan kaltetutako herritarrei bideratuko dietela.
Urtero sasoi honen bueltan antolatzen du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handia, erakundearen egoitzetako apalategiak produktuz nahiz elikagaiz betetzeko eta horiek urte osoan zehar herriko pertsona zaurgarrienen artean banatzeko.