Jubilatuen Astea antolatu du Plaza Ondok hilaren azken asterako

Andoni Elduaien 2024ko aza. 14a, 08:57

Iazko Jubilatuen Asteko bazkarian ere egin zuten erromeria. (Utzitakoa)

Azkoitiko jubilatuen elkarteak azaroko azken astean egingo ditu ekintzak. Besteak beste, ibilaldia, bisita gidatua, karta-joko txapelketak, irteera eta bazkaria antolatu dituzte astea ospatzeko. Gaur ireki du ekintza guztietan izena emateko epea elkarteak.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak Jubilatuen Astea antolatu du azaroaren azken asterako. Askotariko hitzorduak eta ekintzak antolatu dituzte azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean gauzatzeko, hala nola ibilaldia, bisita gidatua, karta-joko txapelketak, irteera eta bazkaria.

Hilaren 26an, asteartean, ibilaldia egingo dute herrian zehar. 10:00etan Balda plazatik abiatuta, Agarre, Etxeberritxo eta Biurreta baserriak lotuko dituzte aurrena, Aretxabaleta kaleko ur depositua gero, eta Txurruka baserritik igarota herrigunera itzuliko dira berriro. 

Hilaren 27an, berriz, bi ekintza egingo dituzte: batetik, 10:30ean, Azkoitia Erdi Aroan bere 700. urteurrenean izeneko bisita gidatua egingo dute Balda plazatik abiatuta. Juan Bautista Mendizabal historialariak eta herriko kronista ofizialak zuzenduko du bisita. 16:00etan, berriz, karta-joko txapelketak jokatuko dituzte Plaza Ondo elkartearen Kultur Etxeko egoitzan, hala nola seiko-urre, mus, tute eta eskoba txapelketak. Joko bakoitzeko lehen hiru bikoteentzat izango dira sariak, eta ondoren, txokolatada egingo dute parte hartzaile guztiek.

Azaroaren 28an, ostegunez, Lizarra eta Iratxe (Nafarroa) herriak ezagutzeko egunpasa egingo du jubilatuen elkarteak. Hilaren 22ra arte egongo da zabalik irteerarako izena emateko aukera elkartearen bulegoan —astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara—. Ibilaldiak 42 euroko kostua du Plaza Ondoko bazkideentzat, eta 48 eurokoa bazkide ez direnentzat.

Azaroaren 29an, San Andres bezperan, bingo berezia egingo dute jubilatuen elkartearen egoitzan, 16:30ean hasita. Aldiz, San Andres egunean, larunbatez, txorizo pintxoa eta txikitoa hartzeko aukera izango dute Orbela tabernan, 11:00etatik 13:00etara.

Bazkaria, astea ixteko

Jubilatuen Astea meza eta lagunarteko bazkaria eginda amaituko dute. 12:00etan, Floreagako elizan egingo dute meza, eta ondoren, 14:00etan, Joseba jatetxean egingo dute bazkaria. Laja trikitilariak girotuko du, gainera, bazkalostea, eta haren doinuekin dantza egiteko aukera izango dute jubilatuek. Dena den, bazkarirako izena eman beharko da aurrez, eta Plaza Ondok gaur ireki du horretarako aukera. Gaurtik hilaren 24ra bitartean eman ahalko da bazkarirako izena elkartearen bulegoan; 42 euro ordaindu beharko dute bazkaria Plaza Ondoko bazkideek, eta bazkide ez direnek, 45 euro.

Bestalde, elkarteak jakinarazi du Jubilatuen Asteko ekintzetan parte hartzeko elkarteko bazkide txartela erakustea nahitaezkoa izango dela, bestela ez baitute parte hartzerik izango. Horrez gain, Jubilatuen Astean zehar bertan behera geldituko dira urte guztirako antolatutako bestelako aktibitateak; bingo berezia izango da mantenduko duten ekintza bakarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide