Kanpaikaden usadioari tiraka

Andoni Elduaien 2024ko aza. 11a, 13:42

San Martin egunez usadioa den moduan, izen bera daraman auzoko ermitan kanpaiari tiraka ari dira egun osoan zehar herritarrak. Meza izan da goizean, eta segidan, Juan Mari Arruabarrenak eta Juan Bautista Mendizabalek solasaldia eskaini dute.

San Martin eguna da gaur, azaroaren 11a, eta usadioari jarraituz, adin guztietako azkoitiarrak San Martin auzoko ermitara igo dira han gaurko egunez kanpaiari tiratzeko zintzilik egoten den sokari tira egitera. Eguraldi bustia izan arren, eguerdi aldetik aurrera hasi da mugimendu handiena ermitan. Eskolatik aterata ere joan haur batzuk San Martin gainera. Herritar batzuek desioak eskatzeko baliatu dute unea, eta besteek usadioari segitzeko.

11:00etan, Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak zuzenduta meza izan da ermitan, eta 12:00etan, Juan Mari Arruabarrena Munibe arkeologia taldeko kideak eta Juan Bautista Mendizabal historialariak Historiaurrea San Martinen hitzaldia eskaini dute, Ondaregunean zehar. Mikologia eta Ardatz elkarteetan ere urteko gainerako astelehenetan baino jende gehiago bildu da auzoko jaiak ospatzeko.

Iluntzera arte izango da aukera ermitako kanpaia astintzeko. Auzoko jai egun nagusia gaur izan arren, datorren larunbatean IX. San Martin Mendi Lasterketa jokatuko dute San Martin, Txalintxo eta Munoaundi artean. Helduen proba 11:00etan hasiko da, eta horiek 7,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 400 metroko desnibel positiboan. Dena den, 10:40ean umeen lasterketa jokatuko dute. Izena Mikologia elkartean eman ahalko da egunean bertan, 10:00etatik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide