Azkoitiko Gazte Asanbladako (AGA) kideak Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeetan kaltetutako herritarrei laguntzeko materiala eta oinarrizko produktuak biltzen hasi dira gaur, ostirala, Elkargunean. 10:00az geroztik, Elkarguneko Oteiza aretoan daude AGAko lagunak, eta herritarrek 20:00etara arte izango dute gaur beraien ekarpenak egiteko aukera.
AGAkoek jaso dituzten lehen materialen eta produktuen artean daude, besteak beste, musukoak, xaboia eta animalientzako janaria. Dena den, asanbladako ordezkariek adierazi dute datozen orduetan ekarpen gehiago jasoko dituztela, eta dei egin diete gainerako herritarrei ere beraien ekarpena egitera. Kontserbak, lekaleak, esnea, pixoihalak, higiene produktuak, garbiketa zein osasun materiala eta animalientzako janaria bilduko dituzte gazte asanbladakoek Elkargunean.
Dana deituriko hondamendi naturalak Espainiar Estatuko hainbat lurretan eragindako kalteak gogorrak izan dira, eta hala azaldu du AGAk: "Begiratzen dugun tokitik begiratzen dugula, egoera horrek sinesgaitza dirudi; kaleak urak hartuta, autoak kolapsatuta, etxeak ezerezean, jendearen mina eta amorrua... Egun hauetan, Valentziako herri langilea guztiz kolpatuta, egoera zaurgarrian eta babesik gabe gelditu da, beraien bizkar gainean ehunka hildakoren zama dutelarik".
Gaur zein bihar, eta datorren asteko ostiralean nahiz zapatuan bilduko dute Valentziako herritarrei bideratzeko materiala. Ostiraletan, 10:00etatik 20:00etara egongo da Elkarguneko aretoa zabalik, eta larunbatetan, 09:00etatik 15:00etara.