Atzo, osteguna, bertsoekin gozatu zuten San Jose egoitzako egoiliarrek, langileek eta han bildu ziren senideek; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoak adinekoen egoitzetara eramateko Bertso bira egitasmoari lotuta, bertsotan aritu ziren Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra eta Millan Telleria. Egoiliarrek gogotik jarraitu zuten bi horien saioa, eta txaloekin eskertu zieten bi bertsolarien ahalegina. Dena den, atzoko saioa egoiliarretako batek ireki zuen, hura izan baitzen Artetxek eta Telleriak baino lehenago abestu zuena.
Aurreko urteetan ere egin izan dituzte gisa horretako bertso saioak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Orain arte, Adin-adin izena zuen egitasmoak, eta orain Bertso bira izena eman diote. Programaren sustatzaileen arabera, helburuak dira "bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea".
Ekimenak azken urteetan "arrakasta" izan duela nabarmendu dute haren sustatzaileek. Hori horrela, orotara 30 bertso saio antolatu dituzte aurten Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, tartean Azkoitikoa.