Plaza Ondok asteartean zabalduko du Lizarrara eta Iratxera egingo duten egunpasarako izen-ematea

Andoni Elduaien 2024ko aza. 10a, 08:49

Iratxeko monasterioa.

Azaroaren 28an egingo du Azkoitiko jubilatuen elkarteak irteera Nafarroako bi herri horietara. Beti bezala, autobusez egingo dute joan-etorria herritarrek, baina aurrez izena eman beharko da.

Plaza Ondo Azkoitiko jubilatuen elkarteak etzi, asteartea, zabalduko du azaroaren 28an, ostegunez, egingo duen irteerarako izen-ematea. Hil honetan Lizarra eta Iratxe herriak (Nafarroa) bisitatuko dituzte Azkoitiko jubilatuek, eta beti bezala, autobusez egingo dute joan-etorria; 08:30ean abiatuko dira Nafarroara egun horretan, Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik.

Asteartean, hilak 12, irekiko dute irteerarako izena emateko epea, eta zabalik egongo da hilaren 22ra arte. Ibilaldiak 42 euroko kostua du Plaza Ondoko bazkideentzat, eta 48 eurokoa bazkide ez direnentzat. Plaza Ondoren bulegoan eman beharko da izena, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara bitartean. Egunpasari buruzko xehetasun gehiago nahi duenak izena ematean eskatu beharko du informazioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide