Atzera begira

Irene Elortza 2024ko abe. 24a, 08:50

Jotakie taldea. (Utzitakoa)

Irene Elortza kolaboratzaileak azaroko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Atzera begira'.

Zorion galdu baten oroitzapenak sortutako tristura malenkoniatsua omen da nostalgia. Agian, zoriona ez dela 'galtzen' uste dudalako izango da; edo badakidalako une horiek zein baliotsuak diren eta horrexegatik ondo baino hobeto gordetzen saiatu naizelako izango da, baina ez naiz nostalgia zalea. Ez zaizkit gustatzen iragana idealizatu, goraipatu edo birsortu nahi duten ekitaldiak, orokorrean. Baina, kontraesanez beteta nagoenez, sekulako gogoa nuen larunbata iritsi eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunera joateko. Burrundaie, relatos del primer rock del Urola dokumentala ikusteko irrikan nengoen, eta, aitortu behar dut, baita Os Gallardos (Revisited) eta Jotakie zuzenean berriro entzuteko ere.

Josemari Unanuek zuzendu duen dokumental honek ondo jasotzen du 70-90eko hamarkadetan gure bailaran zegoen giroa. Orduko panorama musikala ezagutu daiteke Os Gallardos, Direccion Obligatoria eta Jotakie taldeen inguruan ardaztutako ikus-entzunezkoan, baina baita garaiko askatasun egarria, krisialdi sozioekonomiko testuingurua, langabezia, terrorismoa eta orduko gazteen kezka ugariak eta aukera urriak ere.

Ez zaizkit gustatzen iragana idealizatu, goraipatu edo birsortu nahi duten ekitaldiak

Hiru hamarkada geroago, hantxe elkartuta ginen garai hura ezagutu genuen gazte izandako hainbat jaun/andere txit agurgarri. Pantailan agertzen ziren elkarrizketa, VHS grabazio zahar, kartel, kasete eta bestelako irudien artean, Azkoitiko Gaztetxeko argazki hura agertu zen bat-batean. Direccion Obligatoriak 80ko hamarkadaren erdialdean bertan eman zuen kontzertu baten argazki kaskarra zen. Patta agertzen da mikrofonoaren aurrean dena ematen eta ikusle pila bat bizkarrez berari adi-adi zituela. Argazkia ezaguna nuen, eta horregatik, ziztuan begiratu nuen pantailaren eskuin behekaldera. Hantxe zegoen nire anaia, Itoizen kantak dioen bezala, "...erropa ilunak, aurpegi zuria…" soinean zituela. Orduan Juanma zen, geroago bihurtuko zen Jon. Aurrera begiratu beharrean, atzera begira zegoen argazkia atera zuten une zehatz horretan. Arraroa da, zeren musikak liluratu egiten zuen anaia eta Patta gitarrako bere irakaslea izateaz gain, miresten zuen musikarietako bat zen. Norbaiten begirada kolkoan sentitzen dugunean biratzen garenean bezala itzuliko zen agian. Orain ni nago bere atzean. Aurrera begira, ezin bestela izan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide