Go!azen 11 telesailaren denboraldi berriko lehen kapituluaren aurrestreinaldia eskainiko dute hilaren 17an, igandez, Baztartxo antzokian. Aurten ere Basakabiko gaztetxoen hamaika abentura eskainiko ditu telesailak, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodio istorioak, misterioak, umorea… Eta nola ez, musika eta dantza ere ez dira faltako.
Azkoitian telesailaren lehen kapitulua ikusi ahal izango dute haurrek eta gaztetxoek azaroaren 17an, 17:00etan hasita. Emanaldia ikusteko sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da aurrez sarrera eskuratzea. Horretarako, Entradium atarira jo beharko dute interesa duten guztiek; erabiltzaile bakoitzak gehienez lau sarrera hartu ahalko ditu.