Datorren astelehena, hilak 11, San Martin eguna izango da, eta Azkoitiko izen bereko auzoan ez dute huts egingo tradizio diren ospakizunek. Beste urte batez, askotariko ekintzak izango dira festen bueltan, eta datorren larunbatean hasiko dira sanmartinei lotutako saioak auzo horretan. Izan ere, Juan Mari Arruabarrena Munibe arkeologia taldeko kideak eta Juan Bautista Mendizabal historialari eta Azkoitiko kronista ofizialak Historiaurrea San Martinen hitzaldia eskainiko dute egun horretan, 12:00etan, San Martin ermitako ondaregunean, eta solasaldi berbera errepikatuko dute San Martin egunean ere, ordu eta leku berean.
San Martin egunean, berriz, kanpai hotsa izango da nagusi auzoan, goizetik iluntzera bitartean ermitako kanpaia jotzeko aukera izango dutelako beste behin hara joaten diren haur eta helduek. Horrez gain, 11:00etan meza egingo dute ermitan.
Mendi lasterketa, hilaren 16an
Auzoko Mikologia elkartearen eskutik, bestalde, IX. San Martin Mendi Lasterketa jokatuko dute hurrengo larunbatean, hilaren 16an. Azken urteetan bezala, bi lasterketa jokatuko dituzte egun horretan: bata umeena, eta bestea helduena. Haurrena 10:40ean hasiko da elkartearen paretik, eta auzoko ermitako erlojuak 11:00ak jotzearekin batera abiatuko dira helduak leku beretik. Horiek 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute, inguruko mendixkak zeharkatuz, hala nola Munoaundi, Txalintxo eta Kukuerri. Handik bueltan, San Martingo ermitako kanpaia jotzearekin batera amaituko dute korrikalariek proba.
Parte hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena, 10:00etan, Mikologi elkartean. Korrikalari bakoitzak 10 euro ordainduko du, eta bikote mistoa osatzen dutenek, 20 euro. Proba amaitzean, Kurutzia baserriak emandako produktu sorta bana jasoko dute helmugara iristen diren lehen gizonak, emakumeak eta bikote mistoak, eta partaide guztien artean sariak zozkatuko dituzte. Lasterketa amaitutakoan, berriz, hamaiketakoa eskainiko dute, eta korrikalariek dutxa zerbitzuak izango dute kiroldegian.