Bart beste lau edukiontzi erre dituzte Azkoitian. Hain zuzen ere, Guardia kalean kokatutako zaborrentzako ontziak erre dituzte goizaldean. Larrialdi Zerbitzuek 01:45ean jaso du abisua, eta suhiltzaileek itzali dute sua, baita hura zabaltzea eragotzi ere. Bi egunetan hainbat edukiontzi erreta agertu dira Azkoitian; izan ere, egun bat lehenago ere erre zituzten, Plazaberrian eta Balda plazan.
Udalak "irmoki" gaitzetsi du edukiontziak erre izana, eta "haserre" nahiz "kezkatuta" agertu da azken bi egunotan gertaturiko "ekintza bandalikoen" aurrean. Erakundearen arabera, azken bi egunotako suteetan hamahiru edukiontzi erre dira. Bart gauean erretako lau edukiontziez gain, igandetik astelehenera, gauerdia eta 01:00 bitartean, lau edukiontzi kiskaldu zituzten Plazaberrin, eta beste bost, Balda plazan. Udalak azaldu du Udaltzaingoak gertaerak ikertzen jarraitzen duela.
Azkoitiko PSE-EEk ere "gogor" gaitzetsi ditu azken egunetan herrian izandako gertaerek, eta azken egunetan hamahiru edukiontzi erre izanak herritarren artean "kezka" eragin duela azaldu du. "Eragindako kalteek ez diete soilik herri-altzariei eragiten, horiek berrezartzea udal-aurrekontuek hartzen dutelako beren gain, hau da, herritarrengandik datozen baliabideetatik. Beraz, ekintza horietako bakoitzak karga bat du bizilagunentzat; izan ere, zerbitzuak hobetzeko inbertitu beharrean, kalteak ordaintzeko erabili behar dira", esan du taldeko bozeramaile Janire Igoak.
Era berean, PSE-EEk adierazi du azken egunotan lapurretak ere izan direla Azpeitiko dendetan, eta horren aurrean "presentzia polizial handiagoa" eskatu du alderdiak: "Udalek segurtasuna indartu behar dute horrelako ekintzak desagerrarazteko eta gertatzen jarraitzea saihesteko".