Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken final laurdena jokatu zuten atzo Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan, eta saioa bukatuta, argitu da zein bertsolari ariko diren finalaurrekoetan. Nerea Elustondok irabazi zuen atzoko saioa, eta zuzenean sailkatu da hura finalerdietara, baita gainerako lau final laurdenetako saioen garaileak ere; beste hamabi bertsolarik, berriz, puntuazioz egin dute aurrera, eta horietako bat da Eneritz Artetxe. Azkoitiarrak urteak zeramatzan txapelketan parte hartu gabe, eta hark azaldu du "ezustekoa" izan dela finalerdietara sailkatzea: "Duela urtebete prestatzen hasi ginenean, ez nuen espero honaino iristerik. Baina, txapelketa aurrera joan ahala, bertsotan gustura aritu naiz eta aukerak ikusten nizkion nire buruari".
Bertsolariak joan zen astean eskuratu zuen finalerdietarako txartela, saio baten faltan nahikoa baitzitzaizkion Irunen batutako puntuak. Bertsolaria helburuak "ondo beteta" iritsi da finalerdietara, eta aurreratu du "lanerako jarrerarekin" baina "jolaserako prest" izango dela hurrengo saioan: "Nahi dudan bakarra da niretik eman, ariketa bakoitzean zerbait utzi eta batez ere gozatzea, bertso kideekin saio on bat osatu ahal izatea". Hain zuzen, azkoitiarrak Zarauzko saioan abestuko du, azaroaren 24an, eta finalaurreko horretan izango dira Aner Peritz, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Eneko Araiztegi eta Unai Mendizabal ere.
Dagoeneko salgai daude saioetarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian. Hiru saio horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben izango den finalera.