Zientzian sakondu dute haurrek liburutegian egindako tailerretan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 4a, 09:42

Haurrak, liburutegian, tailerretako bat gauzatzen. (Aizkibel liburutegia)

Haurrek bi tailerri esker sakondu zuten zientziaren bi alorretan. Ph eskalari lotutako tailerra izan zen bat, eta argiari buruzkoa bestea. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu zuten bi saio horietan.

Joan den astean, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, LH3 eta LH6 mailetako ikasleentzako, doako zientzia tailerrak egin zituzten Aizkibel liburutegian. Hain justu, bi tailerri esker sakondu zuten zientziaren bi alorretan: batetik, Ph eskalari buruz hitz egin zuten, eta bestetik, argiari lotutako lanak egin zituzten.

Ph Factor izeneko tailerrean, partaideek sustantzia azidoen eta basikoen kimikari buruzko saiakuntzak egin zituzten. Halaber, Ph neurria aurkitu, eta likido ezberdinetako Ph-a neurtzen ikasi zuten. Disoluzio misteriotsu bat neutralizatzen ere saiatu ziren gaztetxoak. Bestetik, Argiak, kolorea eta... akzioa! izeneko tailerra egin zuten. Newtonen koloreekin, partaideek argi zuria sortu zuten lehenik, eta hura zer den ikusi zuten gero. Kromatografia erakusketa erraz baten bidez, berriz, umeek espektro ikusgaia ere landu zuten. Saiakera ezberdinak eginda, argiaren osagarriak aurkitzeko gai izan ziren haurrak, bai infragorriarena bai ultramorearena.

Haurrak, argiari lotutako tailerrean esperimentuak egiten. (Aizkibel liburutegia)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide