Elkargunean hileta zibilak egitea baimendu du udalak

Iraia Oteiza 2024ko urr. 31a, 13:45

Azkoitiko Udalbatza, atzo, urriko osoko bilkuran. (Oier Arregi)

Askotariko gaiak landu zituzten atzo Azkoitiko Udalaren ohiko bilkuran; tartean, hileta zibilak arautzeko ordenantza, Inaziotar Bidearen sustapen turistikorako udalerrien elkartea sortzea eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko bigarren protokoloa.

Azkoitiko Udalak urriko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo arratsaldean, eta hamahiru puntu jorratu zituen bertan. Askotariko gaiak aztertu eta erabaki zituzten udal ordezkariek, tartean, hileta zibilak arautzeko ordenantza, Inaziotar Bidearen sustapen turistikorako udalerrien elkartea sortzea eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko bigarren protokoloa.

Hileta zibilei lotuta, horiek arautzen dituen ordenantzari aho batez eman zion hasierako onespena udalbatzak; jendaurrean egoteko epea bukatuta, behin betiko onartuko da. Aniztasun ideologikoak, kulturalak eta erlijiosoak "behar sozial berriak" ekarri dituela eta, zeremonia edo erritu akonfesionalak ospatzeko espazioen eskaerari erantzun nahi diote hala, herritar orori hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ahalbidetuz.

Ordenantzak jasotakoaren arabera, hileta eta omenaldi zibilak Elkargunean egin ahal izango dituzte herritarrek, zehazki Oteiza eta Herriko Plaza aretoetan. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara egin ahal izango dira horiek, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Inaziotar Bidearen elkarteko kide

Inaziotar Bidearen sustapen turistikorako udalerrien elkartearekin bat egitea ere eztabaidagai izan zuten atzoko ohiko bilkuran. Elkarte horren sorrera Manresako Udalak (Katalunia) bultzatu du bereziki, Inaziotar Bidearen sustapen turistikorako lankidetza sare bat ezartzeko eta bideak zeharkatzen dituen udalerrietako baliabide turistikoei balioa emateko.

Ibilbide horrek, guztira, 90 udalerri batzen ditu, Azpeititik Manresaraino. Atzoko osoko bilkuran azaldu zutenez, bidean eragina duten autonomia, lurralde, eskualde, udalak zein administrazio pribatuak asko direnez, orain arte bidea turistikoki sustatzeko zailtasunak izan dituzte. Hori horrela, Inaziotar Bideko herriek elkarte bat sortzeko eta bidearen turismo sustapena modu koordinatuan egiteko beharra ikusi dute, produktu turistikoaren sustapena eta zabalkundea kudeatzeko eta lurralde horietan eraginik onena lortzeko.

Inaziotar Bideko Elkartearekin bat egitea aho batez onartu zuen atzo Azkoitiko udalbatzak. Asier Altuna Azkoitiko EH Bilduren bozeramaileak egokitzat jo zuen elkartearekin bat egitea, "erlijiosoa baino gehiago, kutsu historikoa, kulturala eta turistikoa" duen egitasmoa delako. Azkoitia Bai plataformako Jose Joakin Etxanizek ere baiezkoa eman zion elkartearekin bat egiteari, "Donejakue Bidearen antzeko beste ibilbide bat herritik igarotzea positiboa" izango delako. Janire Igoa PSE-EEko ordezkariak, berriz, bere alderdia elkartearekin bat egitearen aldekoa dela adierazi zuen, "garrantzitsua delako harremanak sustatzea eta Azkoitia ezagutaraztea".

Elkartearekin bat egin duten udalerri guztiek urtarrilean Montserraten (Katalunia) ospatuko dute eratze bilera, elkartearen ibilbideari hasiera emateko. 2025ean egingo dute aurreneko batzarra ere, oraindik horretarako datarik zehaztu ez duten arren.

Ohiko bilkuran landu zuten beste puntuetako bat izan zen indarkeria matxistaren biktimak artatzeko bigarren protokoloarena. Ana Azkoitia alkateak jakinarazi zuenez, herrian indarkeria matxista kasuren bat dagoenean jarraitu beharreko irizpideak zehaztu dituzte protokolo horretan. 2023ko lege baten ondorioz sortu dute protokolo berria, eta alkateak "txalotu" egin du "hain denbora gutxian halako protokolo osatua eta berria" egin izana. Udalbatzak aho batez onartu zuen puntu hau ere. Udalak datozen asteetan zehatzago azalduko ditu protokolo berriaren xehetasun guztiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide