Ia dena prest dute ISBkoek bihar Garagardo Azoka irekitzeko

Nerea Uranga 2024ko urr. 30a, 09:27

Garagardo Azokarako muntaketa. (Nerea Uranga)

Bihar, ostiralean eta larunbatean egingo dute Garagardo Azoka Azpeitiko Azoka Plazan. Azokako otorduetarako erreserbak egiteko aukera dago dagoeneko, eta ostiralean azokaren barruan jokatuko den mus txapelketa azkarrerako izena ere eman daiteke aurrez Sanagustin kulturgunean. Garagardo Azokan berrikuntzak gehitu ditu Iraurgi saskibaloi klubak.

Bihartik larunbat gauera bitartean egingo du Iraurgi saskibaloi taldeak Garagardo Azokaren XIV. edizioa Azpeitiko Azoka Plazan. Aurtengoan, egitasmoa urriaren erdian egin beharrean, urriko azken egunean eta azaroaren lehen bietan egingo dute. "Garagardo Azoka asteburu bakarrean egingo dugu aurten, ekitaldiak ekitaldi, hala egokitu delako. Berrikuntzak izango ditu, ordea", azaldu du Ibon Guridi Iraurgiko kideak. Berrikuntzak honakoak dira: herriko plaza aldera barra zabalduko dute aurten, eta bertan pintxo-potea eskainiko dute. Zapatuan, berriz, bazkaltzeko aukera izango da Garagardo Azokan, eta prezio bereziak jarriko dituzte horretarako. Zapatu arratsaldean, berriz, garagardo bat ordainduta bi hartzeko aukera jarriko dute.

Azpeitiko Azoka Plazan garagardoaren iturriak zabaldu aurretik, bihar, osteguna, 18:00etan, plazako kanpoaldeko barra zabalduko dute, eta bertan pintxo-potea jarriko dute aukeran. Ondoren, 20:00etan, zabalduko dute Garagardo Azoka. Zumaiako Telmo Deun emakumeen traineruan aritzen diren arraunlari azkoitiarrak eta azpeitiarrak arduratuko dira azokaren irekieraz; arrauneko azken denboraldian Euskotren ligara igotzea lortu zuten. Behin azoka irekita, jan-edanerako aukera izango dute herritarrek igande goizaldera bitartean.

Garagardo Azokako otorduetarako aurrez erreserbak egiteko aukera ere jarri dute ISBkoek, eta egunotan Azpeitiko Azoka Plazan egin ahalko dira, 16:00etatik 19:00etara. Bihar afariak eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera, baita ostiralean eta larunbatean ere. Azokaren azken egunean, gainera, bazkaltzeko aukera ere eskainiko dute, 14:00etatik 17:00etara. Aurrez erreserbatu beharko da lekua, eta herritarrek eskaintza bereziez gozatu ahal izango dute: ukondoa, saltxitxa, bi garagardo eta pitxarra hogei eurotan eskuratu ahal izango dituzte; oilaskoa, saltxitxa, bi garagardo eta pitxarra, berriz, hamabost eurotan. Ez da hori izango, ordea, egingo duten eskaintza bakarra. Larunbatean, 14:00etatik 20:00etara, bi garagardo baten prezioan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek.

Egitaraua osatzeko hainbat ekitaldi ere prestatu dituzte Iraurgikoek; hala azaldu du Guridik: "Bihar 80ko hamarkadako musikarekin girotuko dugu azoka, ostiralean Izer eta Alabier trikitilariak izango dira, eta larunbatean, Kanpax DJa. Musikaz gainera, ostiral arratsalderako mus txapelketa azkarra antolatu dugu". Azoka 02:00etan itxiko dute hiru egunetan.

Mus txapelketa etzi

Ostiralean, 15:30ean hasita, mus txapelketa azkarra jokatuko dute Azpeitiko Azoka Plazan. Izena dagoeneko eman ahal da Sanagustin kulturgunean, eta txapelketaren egunean, berriz, 14:15etik 15:15era Azpeitiko Azoka Plazan bertan eman beharko da izena. Bikoteko 30 euro ordaindu beharko da.

Hainbat sari izango dira jokoan. Izan ere, bikote irabazleak 600 euro eta txapelak eskuratuko ditu; txapeldunordeak, 400 euro; hirugarren sailkatzen denak, 200 euro; eta laugarrenak, berriz, bi lagunentzako afaritarako txartela.

Egitaraua:

Bihar, osteguna:

  • 18:00. Plazako barra irekiko dute eta pintxo-potea.
  • 20:00. Zumaiako Telmo Deuneko Azkoitiko eta Azpeitiko emakume arraunlariekin, Garagardo Azokaren irekiera.
  • 20:00. Afariak ematen hasiko dira. Aurrez erreserba egiteko aukera izango da, gaur eta bihar, 16:00etatik 19:00etara, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 23:00-02:00. 80ko hamarkadako musika jarriko dute.
  • 02:00. Azokako ateak itxiko dituzte.

Azaroak 1, ostirala:

  • 15:30-20:00. Mus txapelketa azkarra. Izen ematea, bikoteko 30 euro.
  • 18:00. Kanpoko barra irekiko dute, eta pintxo-potea.
  • 20:00. Afariak ematen hasiko dira. Aurrez erreserba egiteko aukera izango da, egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 22:30. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.
  • 02:00. Azokako ateak itxiko dituzte.

Azaroak 2, larunbata:

  • 13:00. Plazako barra irekiko dute.
  • 14:00-17:00. Bazkariak, prezio bereziekin. Aurrez erreserba egin behar da; horretarako aukera izango da egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 14:00-20:00. Zerbeza 2x1: bi garagardo baten prezioan.
  • 20:00. Afariak ematen hasiko dira. Aurrez erreserba egiteko aukera izango da egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 23:00. Kanpax DJa.
  • 02:00. Azokako ateak itxiko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide