Irailaren 28an Ttipi-Ttapak antolatu zuen V. Lasterketa Solidarioaren balantzea eta emaitzak aurkeztu zituen atzo elkarteak Elkargunean egindako agerraldian. Orain arteko kopururik altuena lortu du elkarteak aurten egitasmoaren bidez: 13.000 euro, hain zuzen, eta Ademgi esklerosi anizkoitza duten pertsonen Gipuzkoako elkarteari eman zioten dirua. Izan ere, gaixotasun hori dutenei bizi kalitatea hobetzea izan da aurtengo lasterketaren helburua, eta emaitzak jakin berritan, elkarteko gizarte langile Gema Rodriguezek esker oneko hitzak izan zituen bere hitzartzean: "Antolatzaileentzat eta herritarrentzat esker hitzak besterik ez ditut Ademgiren izenean. Benetan zoragarria iruditu zitzaigun lasterketaren egunean Azkoitiko herriak erakutsi zuen elkartasuna. Horrenbeste jende ikusita, zoriontzeko eguna izan zen".
Hark gogorazi zuen elkarteak esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko egiten dutela lan, eta horretarako, sentsibilizazio kanpainak egiteaz gain, gaixotasuna dutenei errehabilitazio integral zerbitzuak eskaintzen dizkiete eguneko zentroan, haien beharrei erantzuna emateko asmoz. Hain zuzen, horretara bideratuko dute jasotako dirua, Rodriguezen arabera.
Maialen Elorza elkarteko kideak, bere aldetik, aurtengo egitasmoaren helburuak gogoratu zituen. Haren arabera, kirola eginez "egun ederra" igarotzea zein esklerosi anizkoitzari ikusgarritasuna ematea ziren helburuetako bi, baita aurreko urteetako zifrak berdintzea ere. Hain zuzen, antolatzaileen asmoa zen, aurreko edizioetan bezala, 1.100 izen-emateren kopurura iristea, eta hori lortu dute aurten ere, herritar kopuru berberak eman baitu izena; 200 umek eta 900 helduk. Antolatzaileak jakinarazi zuenez, horietatik %85 azkoitiarrak ziren, baina Lazkaotik, Zumaiatik, Bergaratik, Eibartik zein Mendarotik ere etorri ziren egitasmoan parte hartzera. Era berean, esklerosi anizkoitza duten hainbat pertsonak ere parte hartu zuten Lasterketa Solidarioan, eta hori "benetan pozgarria" izan zela azpimarratu zuen Elorzak.
Aurtengo "helburu guztiak gaindituta", modu batera edo bestera antolaketan lagundu eta beren babesa eman duten guztientzat esker oneko hitzak izan zituen Elorzak antolatzaileen izenean, baita 13.000 euroko diru bilketa egiteko beren partea jarri duten erakundeentzat, herriko enpresentzat, dendarientzat eta tabernarientzat ere. Izan ere, dortsal eta kamiseta salmentarekin zein dohaintzekin jasotakoaz gain, Azkoitiko Udalak 6.500 euro eman dizkio V. Lasterketa Solidario Inklusiboari eta 4.000 euro jarri dituzte herriko enpresek. Hori guztia, lasterketa egunerako herriko dendariek zein tabernariek eskainitako sariak kontuan izan gabe. "Beste behin, Azkoitia nolako eskuzabala den erakutsi duzue. Zorionak!", zuzendu zitzaien Elorza herritarrei.
Bi urtez behin antolatzen du Ttipi-Ttapak Lasterketa Solidario Inklusiboa. Katxalin elkarteari 9.500 euro eman zizkioten lehen edizioan; Aspanogiri 11.500 euro bigarrengoan; 12.000 euro Marea Urdinari hirugarrengoan; eta duela bi urte, ordura arteko kopururik altuena eskuratu zuten antolatzaileek, parkinsonaren ikerketarako 12.500 euro eman baitzizkioten BioDonostiari.