Tarifa elektrikoen eta energia berriztagarrien inguruko saio praktikoak egingo dituzte datorren astean

Andoni Elduaien 2024ko urr. 16a, 09:00

Urriaren 22an, asteartez, eta urriaren 23an, asteazkenez, eskainiko dituzte tailerrak. Lehen saioan, etxeko kontsumo elektrikoari zein haien tarifei buruz arituko dira, eta bigarrenean, energia berriztagarriak etxean ezartzeko dauden aukerei buruz hitz egingo dute. Izena datorren ostirala baino lehen eman beharko da.

Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean, bi saio praktiko antolatu ditu datorren asterako. Energia Argitu programaren barruan, Elkarguneko Oteiza aretoan egingo dituzte tailerraren saioak urriaren 22an eta 23an, bi egunetan 18:00etan hasita.

Asteartean, Ezagutu zure etxeko kontsumo elektrikoaren gakoak eta ez erotu tarifa berriekin izeneko tailerra eskainiko dute, etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko. Era berean, tarifa elektrikoei lotutako erabaki egokiak nola hartu azalduko dute saioan. Asteazkenean, Energia berriztagarriak zure etxean: autokontsumo indibiduala, kolektiboa eta komunitate energetikoak tailerra zuzenduko dute. Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko dauden aukeren inguruko informazioa emango dute bigarren saioan.

Bi tailerretan parte hartu nahi duten herritarrek ostirala (urriak 18) baino lehen eman beharko dute izena; izan ere, antolatzaileek adierazi dute saioak aurrera egiteko, "ezinbestekoa" dela aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Batetik, energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi dezakete interesatu duten herritarrek, eta bestela, 605 75 76 87 telefono zenbakira deitu, 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide