Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak bana berdindu zuen herenegun, larunbata, Ugaoren aurka Txerloian. Sailkapenean puntuetan berdinduta zeuden bi taldeak norgehiagokari ekin aurretik, eta egoera berean amaitu zuten 90 minutu jokatu eta gero ere.
20. minutuan lortu zuten bizkaitarrek Txerloian aurrea hartzea. 10. minutuan ere abisua eman zuten kanpokoek gorritxoen atea defendatu zuen Naira atezainaren bueltan, baina haiek ez zuten helbururik lortu; handik hamar minutura erdietsi zuten, ordea, gola egitea. Atsedenaldiaren aurretik ere izan zuten Ugaokoek bigarren gola egiteko abagunea, baina urrundik egindako saiakeran ez zuten atea asmatu. Kanpoko taldea gehiago hurbildu zen aurkariaren atera, eta beraz, merezimenduz iritsi ziren aurretik atsedenaldira.
Bigarren zatian lortu zuen Anaitasunak lehia parekatzea. Aurrez, baina, Ugaokoak erdiraketa arriskutsu bat eginda iritsi ziren gorritxoen atera. 67. minutuan parekatu zuten Mikel Barquerorenek dema; Aretten bakarkako jokaldi on baten ostean, Kalarek sareetara zuzendu zuen baloia. Joan den astean ere protagonista izan zen Kalare, baina baita atzo ere.
Sasoiko iritsi zen Anaitasuna neurketaren azken zatira, eta arauzko denbora betetzeko ordu laurdenaren faltan sarri eraso egin zion aurkariari. Arrik bi saiakera egin zituen; aurrenekoan, gutxigatik ez zuen gola egin, eta bigarrengoan, atezainak ekidin zuen haren jokaldia. Ordea, Ugaok ere izan zuen berea, eta aurreko saiakeretan bezala, Naira gorritxoen atezainak salbatu zuen taldea. Amaieran, bana eta puntu banaketa Txerloian.
Sei jardunaldi jokatuta, bost puntu dituzte gorritxoek sailkapenean. Datorren asteburuan, Bizkerre B taldea izango dute aurkari Barquerorenek. Etxetik kanpo jokatuko du Anaitasunak, sailkapenaren goiko aldean den Getxo eta Berango (Bizkaia) arteko klubaren aurka.
Gizonak, Zumaian
Loren Barbadoren gizonen taldeak, bestalde, Ohorezko Erregional Mailara doitu ezinda jarraitzen du. Atzo, igandea, Zumaiako Aita Mari zelaian jokatu zuen Anaitasunak ligako bosgarren jardunaldiko partida, eta Azkoititik egindako aurreko bi irteeretan bezala, galtzaile atera zen atzo ere. Puntuen premiarekin egin zuen bidaia Anaitasunak Zumaiara, baina 3-0 galdu zuten Barbadorenek.
Atsedenaldiaren aurretik zumaiarrek izan zituzten aukera onenak, eta orduan asmatu ezin izan zituztenak bigarren erdian erdietsi zituzten; 51. minutuan hartu zuten aurrea etxekoek. Dena den, 70. minutua igaro berria zela izan zuten gorritxoek gol hura berdintzeko aukera. Aate aurrean asmatu ez, eta Zumaiakok arauzko denborara ailegatzeko ordu laurdenaren faltan egin zuen neurketa erabakiko zuen gola. 89. minutuan, gainera, hirugarren gola eginda borobildu zuten etxekoek partida.
Datorren asteburuan, sailkapenaren puntan dabilen Zarautz jasoko dute gorritxoek Txerloian. Premiak jota estutzen hasi aurretik, puntuak pilatzen hasi beharrean dira Barbadorenak.