Azpeitia garaile, Euskadi Irratiak sustatutako mendi erronkan

Andoni Elduaien eta Ihintza Elustondo 2024ko urr. 13a, 10:34

Mari Carmen Seijas, atzo, Azpeitiko plazan. (Andoni Elduaien-Ihintza Elustondo)

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioa Azpeitiko plazatik egin zuten atzo, eta hainbat kirol hitzordu izan ziren arratsaldean. Azkoitia-Azpeitia mendi demak piztu zuen txinparta gehien, baina bestelako saioak eta omenaldiak ere izan ziren.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioa Azpeitiko plazatik egin zuten atzo, eta saioa osatzeko, hainbat kirol hitzordu izan ziren 16:00etatik 20:00etara. Txinparta gehien Azkoitia-Azpeitia mendi demak piztu zuen. Joxe Apalantza errezildarrak duela 32 urte egindako marka gogoan, Azpeitiko plazatik Xoxotera joan-etorria egin zuten bi herrietako taldeek.

1992an, Apalantzak 00.45.09 denboran egin zuen Xoxotera joan-etorria, Oranda artzainaren 50 minutuko marka hobetuz. Inork ez du haren lana hobetu ordutik, eta horregatik, Apalantzari keinu egin zioten. Unai Zialtzeta kapitain zutela, Azpeitiko taldea osatu zuten Naroa Uriak, Eneritz Aramendik, Ibai Angulok eta Peio Ziarsolok. Joseba Diazen aginduetara Azkoitia ordezkatu zuten, bestalde, Mari Carmen Seijasek, Aner Gesalagak, Iñaki Azkoitiak eta Ainhoa Sanzek.

Azkenean, Azpeitiko taldea izan zen nagusi, baina taldea osatu zuten kirolari denen artean ere ez zuten lortu Apalantzak duela 32 urte jarritako marka hobetzerik. Apalantzak ondutako errekorra "ikaragarria" dela argi gelditu zela nabarmendu zuten, eta, beraz, zaila izango dela hobetzea. Dena den, "saltsa polita" izan zela adierazi zuten kirolariek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide