Estreinatu du ISBk garaipenen markagailua

Andoni Elduaien 2024ko urr. 13a, 09:02

Domusa Teknik ISBko jokalariak, garaipena zaleekin ospatzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Azken laurden izugarri bati esker lortu du emakumeen Domusa Teknik ISBk denboraldiko lehen garaipena. Unicaja Mijas taldea menderatu zuten atzo, larunbata, Azkoitiko Elkargunean. Gizonen Biele ISB taldeak, bestalde, galdu egin du Huelvan (Espainia).

Domusa Teknik ISBk sasoiko aurreneko garaipena eskuratu zuen atzo, zapatua, Azkoitiko Elkargunean. Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldeak 78-73 menderatu zuen Malagako (Espainia) Unicaja Mijas taldea. Azken laurdenean, bikoiztu egin zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak aurkaria, eta hala lortu zuen garaipenen markagailua estreinatzea. 

Bitik bi garaipen poltsikoratuta iritsi zen Unicaja Mijas atzo Azkoitira, baina ISBk hortzak estutu eta gogor borrokatu nahi izan zuen, sasoiko aurreneko puntua desio baitzuen taldeak. Lehia estua jokatu zuten ISBk eta Malagakoek; hasieran, bietako inork ez zuen erasoan asmatzea eta markagailuan zuloa irekitzea, eta hala, gehien asmatu zuen taldeak lortu zuen nagusitzea (18-20). Bide beretik jo zuen partidak bigarren laurdenean ere; bisitariek aurretik jarraitu zuten, baina Agirrerenek defentsan estu hartu zituzten Malagakoak, eta markagailuari buelta ematea lortu zuten une batez (32-30). Dena den, atsedenaldira bisitariak ailegatu ziren aurretik (34-36). 

Aldageletatik igarotzean, Malagako taldeak abantaila zerbait handitzea lortu zuen, baina dena zabalik utzi zuten azken laurdenerako (48-56). Bi aldeetan trukatu zituzten saskiratzeak laurdenaren hasieran. Ordea, bukaeran, 4-15 partziala egin zuten kanpokoek, eta hala lortu zuten azken laurdenera zortzi puntuko errentarekin ailegatzea. Lanerako kantxaratu zen ISB azken hamar minutuetan, eta pixkanaka-pixkanaka, Malagakoen errenta murriztu zuten. Puntu baten gorabehera zuten bi taldeek arauzko denbora amaitzeko minutua falta zenean, eta 19 segundoren faltan, epaileak kiroltasunik gabeko falta adierazi zien Malagakoei. Jaurtiketa libreen karrusela iritsi zen etxekoentzat, asmatu egin zuten, eta hala lortu zuten urteko lehen puntua. Amaieran, 78 ISBk, 73 Unicaja Mijasek.

Juana Maria Molina izan zen ISBko saskiratzaile onena atzo, 15 puntu batuta. Ez hori bakarrik, ordea; 24 puntuko batez bestekoa lortu zuen hark, eta neurketako jokalari onena izan zen. Datorren zapatuan, hilak 19, Madrilera egingo dute bidaia Agirrerenek Sernova Renovables Real Canoe taldearekin indarrak lehiatzeko.

Juana Maria Molina, saskiaren bila. (Mikel Amenabar 'Otola')

Bigarrenean ere ezin

Gizonen Biele ISB taldeak, bestalde, Huelvako (Espainia) Ciudad de Huelva taldea izan zuen arerio atzo, zapatua. 83-78 galdu zuen Iñaki Merinoren taldeak Carolina Marin kantxan, eta garaipenik batu gabe, sailkapeneko behe aldean jarraituko dute beste aste batez.

Artean irabazi gabe zeuden bi taldek neurtu zituzten indarrak, eta aurreneko puntua eskuratzeko desioak markatu zuen partida; parekatua izan zen norgehiagoka, oro har. Lehen laurdena bi puntu goitik itxi zuen ISBk (20-22), baina bigarrenaren hasieran 7-0 partziala egin zuten etxekoek, eta hala, aurrea hartu zuten atsedenaldiaren aurretik (42-41). Hirugarren laurdenean bideratu zuen Huelvako taldeak dema, laurdena sei puntu goitik amaituta (66-60). ISBk azken laurdenean erreakzionatu zuen, baina amaierarako minutu baten faltan etxekoek saskiratu zuten hirukoarekin erdi erabakita laga zuten partida. ISB saiatu zen lehia parekatzen, baina Huelvako taldeak ondo kudeatu zituen azken segundoak. 

Alex Ramon Fernandez izan zen atzo ISBko jokalari onena, 26 puntu saskiratuta eta 24 puntuko balorazioa jasota. Datorren igandean jokatuko dute Merinorenek ligako hirugarren partida, Azpeitiko kiroldegian (18:00). Insolac Caja 87 taldea izango dute aurkari, ISBk bezala oraindik garaipenik ez duen taldea, alegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide