Atzo, ostirala, ekin zioten Laja Fest jaiari. Apirilean ospatu zuten estreinakoz festa Laja jatetxearen atarian, eta atzotik bihar bitartean, artisautzak, musikak eta jan-edanak bigarrenez hartuko dute Santa Kutz auzoan dagoen jatetxe ingurua. La Voz telebista saioan lehiatu zen Olana Liss abeslariaren kontzertuak ireki zuen atzo jaia; abeslariak Sergio Camino gitarra jolearekin batera eskaini zuen kontzertua, eta besteak beste, soul doinuak eskaini zituzten bi lagunek. Gau giro ederra sortu zuten han bildutako herritarren gozamenerako.
Inguruotako artisauen lanak ere ikusi ahal izan ziren han jarritako postuetan; besteak beste, arropa, osagarriak eta bitxiak aurkitu zituzten Lajara igotako lagunek. Iñaki Iturain oriotarrak, bestalde, Denboraren zubia liburua aurkeztu zuen. Idazleak Erein argitaletxearekin publikatu zuen joan den hilean zazpi narrazioz osatutako fikziozko liburua, eta atzo, bere lehen literatur lanaren nondik norakoak azaldu zituen.
Gaur izango da Laja Fest jaiaren bigarren eguna, eta 18:00etatik goizaldera arte, herriko bost disko jartzaile arituko dira musika jartzen: Albi, Murxi, Munizzio, Porru eta Suupe. Apirilean egin bezala, igandea, biharko eguna, izango da umeei zuzendutakoa; izan ere, 13:30etik 17:30era bitartean, puzgarriak jarriko dituzte bertan. Haurrei aurpegiak margotzeko tailerra ere eskainiko dute.