Euskadi Irratiaren ekimenez, Azkoitia-Azpeitia mendi dema egingo dute bihar, Azpeitian

Andoni Elduaien 2024ko urr. 11a, 09:21

Joseba Diaz. Bera izango da bihar lehiatuko den Azkoitiko taldeko kapitaina. (Utzitakoa)

'Hiru Erregeen Mahaia' irratsaioa Azpeititik egingo dute bihar arratsaldean. Saioa osatzeko, askotariko kirol hitzorduak antolatu dituzte hainbat euskal kirolarirekin.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioa Azpeitiko plazatik egingo dute bihar, eta saioa osatzeko, hainbat kirol hitzordu izango da 16:00etatik 20:00etara. Txinparta gehien Azkoitia-Azpeitia mendi demak piztuko du. Joxe Apalantza errezildarrak duela 32 urte egindako marka gogoan, Azpeitiko plazatik Xoxotera joan-etorria egiten saiatuko dira bi herrietako taldeak.

1992an, Apalantzak 00.45.09 denboran egin zuen Xoxotera joan-etorria, Oranda artzainaren 50 minutuko marka hobetuz. Inork ez du haren denbora hobetu ordutik, eta horregatik, Apalantzari keinu egingo diote. Unai Zialtzeta kapitain dutela, Azpeitiko taldea osatuko dute Naroa Uriak, Eneritz Aramendik, Ibai Angulok eta Peio Ziarsolok. Joseba Diazen aginduetara Azkoitia ordezkatuko dute, bestalde, Mari Carmen Seijasek, Aner Gesalagak, Iñaki Azkoitiak eta Ainhoa Sanzek.

Bi kapitainek diote "lehergarria" izango dela biharko lana. Zialtzetaren arabera, "zatirik gogorrena" Urretatik Xoxoterakoa izango da. "Jendeak esan ohi du maldan behera irabazten direla lasterketak, baina Xoxoten gora minutuak ateraz gero, oso zaila izango da behera kentzea". Haren arabera, gora bidean egongo da "sekretua". Apalantzaren errekorra "galaktikoa" dela uste du azpeitiarrak: "Mundu mailako mendi korrikalari bat ekarrita ere zaila izango da marka hori hobetzea".

Bestalde, Diaz azkoitiarren kapitainak dio "fisikoki baino muskularki" izango dela gogorra biharkoa. "Urreta eta Xoxote arteko gorako zein beherako zatietan egongo da proba irabazteko gakoa". Diaz, ordea, pena puntuarekin dago, taldea osatzeko "emakumeak lortu ezinda" ibili baita hura. "Herrian horrenbeste emakume mendi lasterketetan aritu izanagatik, asko kostatu zaigu taldea osatzea".

Hain justu, Azpeitian izango da bihar Apalantza. "Asko eskertzen dut nirekin oroitu izana; poza eta ilusioa ematen dit", adierazi du hark. Azpeitia eta Xoxote artean egindako marka ez du ahazteko. "Ilusio handia egin zidan errekorra jartzeak, baita horrenbeste urtean hautsi gabe egoteak ere". Era berean, gogoan du markak "saltsa eta morboa" sortu zuela.

"Marka kuriosoa" izanagatik ere, Azpeititik Herniora igotzen eta jaisten egin zueneko lana du gogoan hark. Ibilbide hori hiru orduan markatuta zegoen aurrez, eta errezildarrak 01.53.00 denboran egin zuen. Marka hori bere izenean gordetzea gustatuko litzaiokeen arren, nahi du norbaitek proba egitea ere. "Gustatuko litzaidake Azpeitia eta Hernio arteko proba hura norbaitek probatuko balu. Gaur dauden aurrerapenekin, prestaketekin eta oinetakoekin, punta-puntan dabilen norbaitek egin beharko lukeela iruditzen zait".

Irratitik plazara

Plazara aterako dira bihar Euskadi Irratiko esatariak. Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol saileko arduradun azpeitiarrak azaldu du "polita" dela noizbehinka irratitik irtetea eta entzuleen aurrean jartzea. "Nahiko zailtasun izan ohi dugu gauza horiek egiteko, esatariak nola hitz egiten ari diren ikusteak ez baitu grazia handirik jendearentzat; horregatik, zerbait sortu beharra sentitu genuen". Kirolaz hitz egiteko, beraz, kirolariak jarriko dituzte lanean.

Plazako kioskoaren bueltan elkartuta, "jolas giroko" hitzorduak egingo dituzte. 16:20 inguruan hasiko da, hain justu, Azkoitia-Azpeitia erronka, arratsaldeko lehen hitzordua. "Gizon-emakumeen arteko mendiko proba misto bat antolatu dugu. Asmoa da Apalantzak egin zuen marka erreferentzia kontuan hartuta, hari garrantzia ematea", azaldu du.

Mendiaz gain, pilota, harri jasotzea eta aizkolaritza ere izango dira. Pilota partida tenis estilora jokatuko dute plazan; Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olazabal ariko dira batetik, eta bestetik, Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarte. Aizkoran, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño izango dira aurrez aurre. Aizkolariek ahalik eta kolpe gutxien emanda enbor bana moztu beharko dute. Gainera, kazetari bana izango dute haiek laguntzaile. Harri jasotzen, bestalde, Izeta eta Ostolaza harri eskoletako kideek lau bikote mistotan banatuta jardungo dute: Zumeta-Azpiazu, Gesalaga-Izeta IV.a, Etxebeste-Royo eta Esnaola-Garmendia. Bikote bakoitzak bi minutu izango ditu ahalik eta kilo gehien jasotzeko. Euria eginez gero, hitzordu horiek guztiak Frontoi Txikian gauzatuko dituzte.

Maialen Chorraut, Pau Etxaniz, Xabi Etxaniz, Maider Unda, Usoa Ostolaza, Helene Alberdi, Ainhoa Murua, Elene Viles eta Mirari Uria kirolariak ere Azpeitian izango dira, guztiak ere dominak irabazitakoak. Aldiz, Nuarbeko sokatiralariek omenaldia jasoko dute. "Nuarbe izan zen Europako eta munduko txapelketak irabazi zituen aurreneko kluba. Munduan ez da egongo Nuarbek beste txapelketa irabazitako herritar duenik", esan du Urbietak. Kirolaz gozatu nahi duenak ez du aspertzeko betarik izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide