Pazientea bere ama hizkuntzan artatzeak zerbitzuaren kalitatean duen garrantzia azpimarratu du Felix Zubiak

Ane Olaizola 2024ko urr. 10a, 15:18

Felix Zubia, atzo, hitzaldian. (Maxixatzen Euskaldunon Elkartea)

Euskola zikloaren barruko bigarren hizlaria izan da Felix Zubia sendagilea. Hizkuntzak osasungintzan duen eragina izan zuen hizpide hark atzoko solasaldian, eta azaldu zuen pazientea bere ama hizkuntzan artatzeak zerbitzuaren kalitatean eragiten duela frogatzen duten "datu zientifikoak" daudela. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloaren barruan, hitzaldia eskaini zuen atzo Felix Zubia medikuak Elkargunean, hango Oteiza aretoa beteta zela. Hizkuntzak osasungintzan duen eragina izan zuen hizpide hark solasaldian, eta azaldu zuen pazientea bere ama hizkuntzan artatzeak zerbitzuaren kalitatean eragiten duela frogatzen duten "datu zientifikoak" daudela. Kontrara, adierazi zuen zientifikoki "inork" ezin duela esan ama hizkuntza ez dela "garrantzitsua". Medikuek tradizioz izan duten "prestigioari" lotutako "arrazoi politikoa" dago, Zubiaren ustez, osasungintzan euskarak duen presentziaren oinarrian.

Komunikaziorako oztopo linguistikoak aipatzeko erabiltzen den language barrier [hesi linguistikoa] esaldi figuratiboa mamitu zuen Zubiak bere hitzaldian, gaineratuz soilik iaz mila artikulutik gora publikatu zirela horren inguruan. Era berean, adibide ugari eman zituen hark bere ideia aletzeko, batzuk berak bizitakoak eta beste batzuk nazioartean izan direnak. Horietako bat izan zen Arabiar Emirerri Batuetan jazotakoa: "Horrenbeste diru duenez, beren ustez mediku onenak eraman zituzten. Zer gertatu zen? Arabiarrez ez zekiten medikuekin ezin zutela ongi komunikatu, eta emaitza kaskarrak izan zituzten. Orduan, medikuek arabiarrez ikasi behar zuten kontuarekin hasi ziren".

Pertsona bakoitza bere hizkuntzan ez artatzeak dituen "ondorio larriez" ohartarazi zuen sendagileak, medikuak pazientearen hizkuntza menderatzea oso garrantzitsua dela aintzat hartuta, bien artean "lasaitasuna eta hurbiltasuna" izateko, pazienteak bere hizkuntza erabiltzen duela jakitun. Ildo horretan, azpimarra berezia egin zuen adineko pertsonak artatzerakoan, afasia sintomak dituztenen kasuan, logopedia eta psikiatria arloetan zein errehabilitazio prozesuetan.

"Gutxiespena, barruraino"

Konduktismoa defendatzen zuen Frederic Skinner psikologoak saguak kutxetan sartuta egin zuen esperimentu entzutetsuarekin parekatu zuen Zubiak euskaldunen egoera. "Saguekin egin zituen probatan argi azaldu zen saguak bi bide baditu helmugara iristeko eta batean trabak ipintzen badira, beti bestaldetik joango dela. Euskaldunoi gauza bera gertatu zaigu: beti traba mordo bat ipini dizkigute, eta ondorioz, erdaraz egiteko joera izan dugu beharrezkoa ez denean ere, gutxiespen hori barruraino sartu digutelako".

Egoerari buelta emateko, berriz, Jon Zaratek eta Aitor Montesek hizkuntza eta osasunaren inguruan egin duten lana txalotu zuen Zubiak.

Muguruza, hurrena

Hizkuntz eskubideetan sakonduz hasi zuten Euskola zikloa joan den astean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren eskutik. Hurrengo asteazkenean, hilaren 16an, berriz, Fermin Muguruza kulturgilearen txanda izango da, eta hark bere ibilbidea izango du hizpide Irene Elortza kazetariaren galderei erantzunez. 18:00etan izango da hitzordua, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Bestalde, Guka telebistan ostegunero ikusi ahal izango dira solasaldiak bideoan 22:00etan, eta biharamunetan —ostiraletan— Azkoitia Gukaren eta Gukaren webetan argitaratuko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide