Atzo, asteazkena, abiatu zuen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskaratik eta euskaraz egingo duten Euskola hitzaldi zikloa. Lehen saioan, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak eskaini zuen hitzaldia, Hizkuntza eskubideak Euskal Herrian. Oraina eta etorkizuna izenean. Elkarguneko Oteiza aretoan egin zuten saioa, eta jende ugari bildu zen saioan.
Euskara euskaldunon hizkuntza den heinean, haren erabilera "oinarrizko giza eskubidea" dela azpimarratu zuen Gaubekak, eta "ez soilik hizkuntza eskubidea". Horren aurrean, eta azkenaldian euskararen aurka izaten ari diren oldarraldiak kontuan hartuta, euskarak "aitortza" eta "estatus bat" behar dituela ere nabarmendu zuen bermeotarrak.
Esan horiek arrazoitzeko, euskarak egun bizi duen sailkapenaz aritu zen Gaubeka; Iparraldeko egoera, Nafarroako hiru tokitako zonifikazioa eta Araba, Bizkai zein Gipuzkoakoa izan zituen hizpide. Gainera, sailkapen horietako zenbait adibide eman zituen. Iparraldetik hasi zen, han euskarak "aitortzarik ez" duela esanez, eta Gorka Torreren adibidea azaldu zuen. Izan ere, 2023ko irailean Herribiltzak euskararen alde egindako pintaketa batzuengatik zigortu eta epaitu zuten Torre. Epaimahaiaren aurrean euskaraz aritzeko itzultzaile bat eskatu zuen Torrek, baina epaileak ukatu egin zion. Ondorioz, auzi gelatik atera eta auzian parte hartzeari uko egin zion hark.
Nafarroako egoera aztertu zuen gero zuzendariak, eta euskarak Nafarroan bizi duen zonifikazioak euskarari "kalte handia eragiten" diola esan zuen. "Eremu euskaldunetakoak Iruñera joaten direnean, zerbitzu asko gazteleraz jasotzen dituzte; Osasunbidean, esaterako, arazoak dituzte medikuekin". Dena den, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere "hutsune handiak" daudela esan zuen, hala nola Segurtasun sailaren menpeko Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin. Halaber, Hezkuntza Lege berriak sistema publiko-pribatuan "atzerapena" eragin du Gaubekarentzat.
Intzidentziak adibide
Behatokian lan egiten du Gaubekak, herritarrak ahalduntzen, eta batik bat, herritarrek zer eskubide dituzten azaltzen. Behatokiaren 948-14 61 72 telefonora deituta salatu daitezke euskararen bueltan jazotako intzidentziak, baita webgunean ere. Hain zuzen, han eta hemen izandako intzidentzia batzuk ezagutarazi zituen hark atzo. Soziolinguistikaren inguruan egiten den baieztapena errotik hautsi behar da haren iritziz. "Ez da normala Azkoitian mediku euskaldunak egotea ohikoa dela esatea, eta aldiz, Laguardian ez; han ere berdin-berdin dute horretarako eskubidea".
Eremu sozioekonomikora ere jo zuen Gaubekak, eta Donostian gertatutako kasu baten berri eman zuen adibide gisa. Kaleko hormetan ikusi zituzten turismoari lotutako hainbat kartel, eta horiek hiru edo lau hizkuntzatan jasota zeudela ohartu ziren, baina euskaraz ez. Euskaraz jartzeko eskatu zutenean, kartelak kentzea erabaki zutela esan zuen Gaubekak, kartelean aldaketak egin beharrean. Bestalde, Durangoko (Bizkaia) helduen eskolan euskaraz irakasteko eskaera egin zenean, hango arduradunak Senegalen, Errumanian eta Eslovenian ez dutela euskaraz hitz egiten erantzun zuela adierazi zuen bermeotarrak.
Azkenik, oldarraldi judizialak izan zituen hizpide Behatokiko kideak. Lehen epaitegiek interpretazio "nahikoa zentzuduna" egiten zutela adierazi zuen Gaubekak, baina orain "oso interpretazio itxia" egiten dutela adierazi zuen. Epaitegien "euskararen kontrako jarrera Nafarroako epaile batzuen iritzi bateratu bategatik" dagoela esan zuen, eta hala, "hizkuntza eskubideak zapaltzen" ari direla. Halaber, esan zuen jende batek uste duela "euskaldunak zapaltzaileak" direla, eta hori ez dela egia.
Felix Zubia, hurrengoa
Datorren asteazkenean, hilak 9, egingo dute Euskola hitzaldi zikloko bigarren saioa, Elkarguneko Oteiza aretoan (18:00etan). Felix Zubia Donostialdea ESIko zainketa intentsiboetako unitatearen buruak eskainiko du hitzaldia Osasuna eta hizkuntza. Bi bidetako ibilbidea izenburupean. Hitzaldia doakoa da, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.
Bestalde, Guka telebistan ostegunero ikusi ahal izango dira solasaldiak bideoan 22:00etan, eta biharamunetan —ostiraletan— Azkoitia Gukaren eta Gukaren webetan argitaratuko dira.