Kontzientziazioan eta transmisioan eragiteko asmoz, Euskola hitzaldi zikloa antolatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak bigarren urtez, joan zen urtean egitasmoak izan zuen "harrera onak" elkartearen "zalantzak uxatu" ondoren. Beste urte batez, askotariko lau hitzaldi eskainiko dituzte urriko asteazkenetan, eta oraingo honetan, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Felix Zubia medikua, Fermin Muguruza kulturgilea eta Malen Ugarte eta Larraitz Goikoetxea irakasleak izango dira protagonistak.
Herritarrek egindako eskaeretatik zein euskara elkarteak dituen kezketatik abiatuta osatu dute aurtengo egitaraua, Julen Garate elkarteko dinamizatzaileak azaldu duenez: "Herritarrek zaintza, osasuna eta euskararen arloaren gaineko interesa azaldu dute, eta jendeak hala eskatuta, esaterako, Zubia gonbidatu dugu". Muguruzarena, berriz, "publiko zabalagoari" zuzendutako saioa izango dela adierazi du hark, eta euskara elkartearentzat "zaindu beharrekoak" diren gaiak ere jorratuko dituzte gainontzeko bi hitzaldietan: hizkuntz eskubideak eta transmisioa.
Hain zuzen, hizkuntz eskubideak izango dituzte ardatz aurreneko saioan, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria arduratuko baita egitaraua irekitzeaz. "Beste batzuen eskubideak urratzen direla dioten adierazpenen gezurrean oinarrituta, gaur egun eskubide urraketa asko daude zoritxarrez, eta egoeraren argazki zabala egingo du Gaubekak, Behatokiak egunerokotasunarekin egiten baitu lan".
Bestalde, osasuna, zaintza eta euskararen arloak elkarteari "gero eta gehiago kezkatzen" diola azaldu du Garatek, eta ikuspegi horretatik "mediku ona" izatearen inguruan arituko da hilaren 9an Zubia.
Horrez gain, Kortatuk bere lehen maketa duela 40 urte kaleratu zuela gogoratuz Muguruzak hasiko duen biraren atarian, irundarrak Aizkorrak zorrozteko garaia solasaldia eskainiko du hilaren 16an, Irene Elortza kazetariaren galderei erantzunez. Dena den, antolatzaileek aurreratu dute saioa ez dela mugatuko Muguruzaren musikagintzara, baizik eta hark kulturari eskainitako ibilbide osoa izango dutela mintzagai.
Azkenik, Ugartek eta Goikoetxeak 9 moko txiki proiektu pedagogikoa aurkeztuko dute hilaren 23an. Moko txiki umeei zuzendutako liburuan oinarrituta, soziolinguistika lantzen duen proiektua garatu zuten bi irakasleek, eta horren inguruko nondik norakoak azalduko dituzte azken hitzaldian. Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzaldia irekia da edonorentzat, baina "bereziki aproposa" ikastetxeentzat.
Hitzordua Elkargunean
Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, Elkargunean. Muguruzaren hitzaldia Herriko plaza aretoan izango da, eta gainontzekoena Oteiza aretoan. Ez da aurrez izena eman beharrik izango horietara joateko.