Gipuzkoako txirridularitzaren alde Donostian egingo duten manifestaziora batuko dira Peña Elorza eta Azkoitri

Andoni Elduaien 2024ko urr. 10a, 14:58

Peña Elorzako txirrindulariak, Azkoitian jokatutako proba batean.

Igandean, Donostian egingo dute Gipuzkoako txirrindularitzaren arazoei konponbidea ematea aldarrikatzeko manifestazioa. 11:00etan egingo dute protesta ekitaldia Donostiako Antonio Elorza belodromotik abiatuta. Peña Elorza eta Azkoitri taldeek bat egingo dute manifestazioarekin.

Gipuzkoan txirrindularitza lehiaketei berriro ekiteko aukera emango duen irtenbide bat eskatzeko, Gipuzkoako txirrindularitza taldeak eta zaleak Donostian mobilizatuko dira igandean. Manifestazioa egingo dute 11:00etan Anoetako Antonio Elorza belodromotik Donostiako udaletxera, eta hain justu, protesta ekitaldiarekin bat egingo dutela jakinarazi dute Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari taldeak eta Azkoitri triatloi taldeak.

Peña Elorzako kideek adierazi dute azken urteetan "gero eta zailagoa" dela Gipuzkoako errepide gainean egiten den edozein kirol proba antolatzea, horiek lehiaketa barrukoak izan edo ez. Zailtasun hori, ordea, "benetan nabarmena" da txirrindularitza alorrean, haien arabera. "Trafiko sailak oztopo handiak jartzen ditu lasterketak nahiz zikloturisten probak antolatzeko", azaldu dute.

Trafiko sailak "txirrindulariak arazotzat" dituela uste dute, eta horrek zaildu egiten du antolakuntza lana. Arazo horiek medio, eta "ikusita Eusko Jaurlaritzak arazoari konponbiderik ez diola eman nahi", Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko kide guztiek dimisioa aurkeztu zuten irailean. Hori dela eta, gaur egun Gipuzkoan ez dago txirrindularitza federaziorik indarrean, eta "kolokan" dago 2024-2025 denboraldia.

Bide beretik jo du Azkoitri triatloi taldeak ere, eta arazoari "konponbidea" emateko eskatu du. Haiek azaldu dute Azkoitrik urtero antolatzen duen Azkoitiko Duatloiak ere bizi izan dituela "Trafiko sailak jarritako oztopoak". Hori horrela, Peña Elorzakoek eta Azkoitrikoek igandeko mobilizazioan parte hartzera eta Gipuzkoan "horren errotua dagoen kirolaren alde" egitera deitu dituzte txirrindulari zale guztiak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide