Artisautzak, musikak eta jan-edanak bat egingo dute bigarrenez Laja jatetxearen atarian, Laja Fest ospatuko baitute datorren asteburuan. Antolatzaileek azaldu dutenez, apirilean estreinakoz ospatu zuten jaiak izan zuen "erantzun onaren" ondotik erabaki dute berriz antolatzea.
Osagai berberak izango ditu Laja Festen bigarren edizioak ere, eta aurrekoan bezala, hiru egunez izango dira ekintzak: musikari dagokionez, La Voz telebista saioan lehiatu zen Olana Liss abeslariak kontzertua emango du Sergio Camino gitarra jolearekin batera ostiralean, 19:30ean hasita. Larunbatean, berriz, herriko bost disko jartzailek girotuko dute jaia, eta 18:00etatik gauerdira bitartean, honako hauek izango dira musika jartzen: Albi, Murxi, Munizzio, Porru eta Suupe.
Aurrekoan bezala, igandea umeentzako eguna izango da, 13:30etik 17:30era bitartean, puzgarriak jarriko dituztelako bertan, eta aurpegiak margotuko dizkiete bertaratzen direnei.
Artisautza ere presente egongo da Laja Festen bigarren aldian ere, inguruko 10 bat eskulangilek postuak jarriko baitituzte egitasmoak irauten duen bitartean, eta askotariko produktuak izango dira ikusgai, hala nola arropa, osagarriak eta bitxiak. Horrez gain, jan-edanerako postuak ere jarriko dituzte hiru egunetan.
Liburu aurkezpena, ostiralean
Horrez gain, Iñaki Iturain oriotarrak Denboraren zubia liburua aurkeztuko du ostiralean, 18:30ean, Laja jatetxean bertan. Idazleak Erein argitaletxearekin publikatu zuen zazpi narrazioz osatutako fikziozko liburua joan zen hilean, eta ostiralean, Azkoitian azalduko ditu bere lehen literatur lanaren nondik norakoak.