Etzi, urriaren 6an, Gipuzkoako ikastolen jaia hartuko du Azpeitiak, eta trafikoan zein aparkalekuetan eragina izango du egun osoko festa horrek Azkoitian ere.
Eragin nabarmenena Santa Kutz eta Munategi lotzen dituen errepidean antzemango da, bide hori itxita egongo baita igande osoan, San Jose egoitzaren paretik Munategiraino, "batetik, trafiko pilaketak saihesteko Basarte industrialdearen sarrera parean; eta bestetik, larrialdi kasuren bat suertatuz gero, bidea libre egon dadin", Azkoitiko Udalak azaldu duenez. Aldiz, Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen GI-2634 errepidea zabalik egongo da egun osoan.
Aparkalekuei dagokienez ere antzemango dira Kilometroak Azkoitian. Izan ere, Oinartxo industriagunean eta Urrategin aparkatuko dituzte Kilometroetara jendea eramango duten autobus pribatuak, eta Txerloia eta Munategi dira autoak aparkatzeko izendatu dituzten guneetako bi.