Kilometroak 2024

Kilometroen egunerako xehetasunak eta argibideak jakinarazi dituzte

Nerea Uranga 2024ko urr. 3a, 10:13

Kilometroak 2024ren bideokliparen grabazioko irudia.

Trafikoa Ikasberriko biribilgunean itxiko dute, eta ibilgailuek Sanjuandegitik egin beharko dute joan-etorria. Garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek, autobusek herri barruraino izango dute eta sarbidea. Dena den, aparkalekuak ere egokitu dituzte.

Igandean ospatuko dute Kilometroak 2024 festa egun handia Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta, Izpi izpi lelo eta eguzkilorea irudi hartuta. Loiola auzoaren eta herriko plazaren artean egingo dute festa, eta tarte horretan lau gune prestatuko dituzte, bakoitza bere egitarauarekin. Dena den, guneen artean kale animazioa ere izango da.

Trafikoario dagokiuonez, Kilometroen egunean errepideetako zirkulazioa ez dute erabat etengo Azpeitian. Loiola auzoaren eta Alde Zaharraren artean, guztiz itxiko duten errepidea Ikasberriko biribilgunetik Alde Zaharrera artekoa izango da: Loiolako Inazio etorbidea eta Arana kalea, alegia. Ondorioz, trafikoa Ikasberriko biribilgunetik Sanjuandegi auzo aldera bideratuko dute. Arana kalearen eta Santutxo auzoaren arteko eremuetatik irteteko arazorik ez dute izango ibilgailuek, baina sarbidea mugatuta izango dute festak iraun bitartean. Ibilgailuen joan-etorria murriztuko duten beste gunea Sanjuandegiko biribilgunetik herrigunera artekoa izango da. Loiolatxo elkartearen aurreko bidegurutzea ere itxita egongo da autoentzako, baita Gogartetxetik beherako Loiolarako sarrera ere. Loiolara lanera joango direnentzako-eta santutegiaren komun publikoen aldeko aparkalekua gordeko dute.

Garraio publikoa, herri barruraino

Azpeitiko autobus geraleku denak martxan izango dira Kilometroen egunean, eta hala, garraio publikoan bertaratzen direnek herri barruraino sartzeko aukera izango dute. Hori horrela, Kilometroetara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebusen zerbitzuak indartuko dituzte Kilometroen egunean: UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz), UK05 (Zestoa-Ermua) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga) autobus zerbitzuak, hain zuzen. Autobusak bete orduko beste ibilgailu batzuk edukiko dituzte zerbitzua emateko prest.

Aparkalekuak ere egokituko dituzte iganderako, bai autobusentzat, bai autoentzat. Autoak aparkatzeko orduan boluntarioen jarraibideak segitzeko eskatu diete herritarrei Kilometroen antolatzaileek. Aparkalekuak honako tokietan prestatuko dituzte: Azpeitian, Landetako industrialdean, eta Azkoitian, Munategiko Basarteko industrialdean eta Txerloian. Herriz herri antolatutako autobusek Azpeititik Azkoitira artean dagoen autoeskolan utziko dute jendea, eta, gero, Oñartxorako eta Urrategirako bidegurutzean (Lidl) aparkatuko dituzte. Bestalde, Kilometroetara bezperatik joan eta ibilgailuan lo egiteko plana egin nahi dutenentzat, autokarabanentzako guneak prestatuko dituzte Goenan eta Oñatz auzoan.

Egitaraua, prest

Gipuzkoako ikastolen jaiaren 48. edizioa ospatuko dute igandean Azpeitian; laugarrenez egingo dute Kilometroak jaia Azpeitian. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte irekiera ekitaldian. Hori eta askoz gehiago ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek, antolatzaileek prest baitute egitaraua. Honako lotura honetan kontsultatu daiteke igandeko egitarauren esku-orria osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide