LF Challenge ligako ibilbidea porrotarekin hasi du Azkoiti-Azpeitiko Domusa Teknik ISB saskibaloi taldeak. Atzo, zapatua, Azkoitiko Elkargunean jokatu zuten denboraldiko aurreneko partida NBF Castello taldearen aurka, eta 72-77 galdu zuten Luis Agirrerenek.
Ondo ekin zion partidari ISBk, lehen hamar minutuak jokatuta, markagailuan 20 eta 13 aurreratzea lortu baitzuten etxekoek. Castelloko (Herrialde Katalanak) taldeak, ordea, gogortu egin zuen partida, bereziki saskiaren aurrean lehen laurdenean baino gehiago asmatu zutelako. Atsedenaldira 40 eta 35 aurretik iritsi zen aurretik ISB.
Aldageletatik bueltan ere gogor egin behar izan zuen lan Agirre entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. Aurkariak, LF Challenge ligan debut eguna zuenak, garaipenagatik borroka egingo zuela erakutsi zion hirugarren laurdenean Azkoiti-Azpeitiko taldeari; izan ere, ISBk baino gehiago asmatuta, atsedenaldian zuten bost puntuko aldea puntu bakar batera murriztu zuten haiek (56-55). Azken laurdenak ere hirugarrenaren bidea hartu zuen. NBF Castelloko Laura Camposek eta Sendy Genesis Basaezek puntu ugari bildu zituzten; hein handi batean haien lanak eman zien garaipena bisitariei. ISBkoek, berriz, nahi baino gutxiago asmatu zuten erasoan. Amaieran, Domusa Teknik ISBk 72, NBF Castellok 77.
Atzo, Jone Azkue izan zen ISBko taldeko jokalaririk onena; hark hemezortzi puntu saskiratu zituen eta hamazazpi puntuko batez besteko balorazioa lortu zuen. Datorren asteburuan, Madril aldera egingo dute bidaia emakumeek. Innova-TSN Leganes taldea izango dute aurkari zapatuan, 19:00etan hasita, Europa pabiloiko kantxan. Gaur-gaurkoz sailkapeneko liderrak dira madrildarrak.