Gutxi bildu du Anaitasunak asteburuan. Lehen bi taldeek atzo, zapatua, jokatu zituzten liga txapelketako partidak, eta emakumeen puntuarekin konformatu behar izan zuten gorritxoek. Bana berdindu zuten haiek Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka Txerloian, eta gizonek 1-0 galdu zuten Bergararen aurka.
Denboraldi berriko aurreneko puntua batu zuen Mikel Barquerok zuzentzen duen emakumeen taldeak atzo, etxean. Atsedenaldira hutsean iritsi ondoren, 53. minutuan jaso zuten gorritxoek bizkaitarren gola; bigarren zatiari ekin eta minutu gutxira jarri zitzaien haiei partida maldan gora. Dena den, arauzko denbora betetzeko hogei minutu eskasen faltan lortu zuen Anaitasunak berdinketaren gola egitea. Enara Anduezak bikain erdiratutako kornerra ezin hobeto errematatu zuen sareetara Lierni Pirisek.
Hirunaka batzen hasi beharrean dira, ordea, Barquerorenak. Lau partida jokatuta, puntu bakarra dute gaur-gaurkoz gorritxoek sailkapenean. Hamaseigarren postuan kokatuta dago orain Anaitasuna, oraindik punturik batu ez duten Bizkeneskak eta Altzarrate Laudio taldeen aurretik. Datorren asteburuan, Lakua Vitoria-Gasteiz izango dute aurkari gorritxoek; Gasteizen jokatuko dute neurketa.
Etxetik urrun, porrota berriz
Gizonek kale egin zuten atzo, Bergaran (Gipuzkoa). Loren Barbadoren mutilek sasoiko hirugarren partida jokatu zuten Agorrosin zelaian, eta Ohorezko Erregional Mailan etxetik kanpo ezer lortzea zeinen zaila den ikasita bueltatu ziren handik; izan ere, duela bi aste Deustoren aurka Zubietan gertatu bezala, galdu egin zuten gorritxoek atzo ere etxetik kanpo.
Atsedenaldira hutsean iritsi ziren Bergara eta Anaitasuna, baina aldageletatik berriro zelairatu eta ordu laurdenera egin zuten bergararrek garaipena emango zien gola. Ordu erdi luzea zuten aurretik Barbadorenek, eta saiatu ziren puntu bat urratzen, baina etxekoek ez zieten horretarako aukera gehiegi eman. Orain, sailkapeneko azken-aurreko postua betetzen du Anaitasunak, hiru punturekin. Datorren asteburuan, Urola jasoko dute Txerloian. Sailkapenean goian ibili nahi badute, ezinbestekoa izango dute gorritxoek etxetik kanpo ere puntuak lehenbailehen batzen hastea.