Biharko Lasterketa Solidarioaren atariko moduan, Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteko Gema Rodriguezek hitzaldia eskaini zuen atzo arratsaldean Elkargunean. Herritarrek Oteiza aretoa bete zuten gaixotasun horren nondik norakoak gehiago ezagutzeko, eta Rodriguezek esklerosi motak edota sintomak izan zituen hizketagai, baita elkartea bera ere. Horrez gain, gaixotasuna duten pertsonen eta familien testigantzak entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek, esklerosia dutenen adierazpenak jasotzen dituen bideo sorta bat eskaini baitzuten.
Ttipi-Ttapa taldeak esklerosi anizkoitzean jarri du aurten arreta, eta bosgarrenez antolatu duen Lasterketa Solidarioa Ademgiren aldekoa izango da. Honako hau da taldeak larunbaterako prestatu duen egitaraua:
Irailak 28, larunbata
- 10:00etik 16:00ak arte. Dortsal banaketa, Kontzejupean.
- 11:00. Haurrentzako jolasak plazan, Marea Urdinaren eskutik.
- 12:00. Trikitilarien kalejira.
- 16:30. DJarekin animazioa.
- 17:00. Haurren lasterketak hasiko dira, plazatik: HHko haurrek 400 metroko ibilbidea izango dute; LH 1, 2 eta 3 mailakoek 800 metrokoa; eta LH 4, 5, 6 mailakoek 1.200 metrokoa.
- 18:00. Helduen lasterketa. Hasiera plazatik. 4 kilometroko ibilbidea.
- 19:00. Zozketa eta opari banaketa.