Gobernuz kanpoko erakundeek, kulturartekotasunak eta migratzaileek zein errefuxiatuek bat egingo dute datorren igandean Azkoitian, haiei dagozkien egitasmo bana antolatu baitute egun horretarako. Hori hala, herritarrek hitzordu hirukoitza izango dute plazaren bueltan: batetik, Garapenean Bidelagun azoka egingo dute plazan, eta ohi bezala, gobernuz kanpoko erakundeen beren jardunaren berri emango dute; bestetik, Azkoitia 700 egitarauaren barruan, Kultur Arteko Jaia egingo dute plazan; eta azkenik, Migratzaileen eta Errefuxiatuen Mundu Jardunaldia ospatuko dute Azkoitian, Gipuzkoako Etorkinen Pastoraltzak antolatuta, eta Azkoitiko Parrokiak eta Caritasek lagunduta.
11:00etan zabalduko dute Garapenean Bidelagun azoka, eta eguerdira bitartean, garatzen ari diren proiektuen berri emango dute gobernuz kanpoko kideak hainbat posturen bitartez, herritarrek "beste herrialdetako errealitatea" ezagut dezaten. Azkoitiko Udalak antolatuta, honako hauek parte hartuko dute: Acoes, Behar Bidasoa, Darahli, Gazteak eta Garapena Salestar Misioak, Lumaltik Herriak, Mundu Solidarioa Helburu, Munduko Begiak, El Salvador Elkartasuna eta Salvamento Marítimo Humanitario-SMH. "Hainbat lekutan bizi duten errealitate gordina ikusaraztea eta horretaz jabetzea da kontua, askotan ez baitugu gure ingurune hurbiletik haratago ikusten, eta gure arazoak lehen mundukoak dira. Ekimen hau elkartasunari eta lankidetzari balioa emateko, hausnarketarako eta ekintzarako proposamena da", adierazi du Sonia Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Horrez gain, Kultur Arteko Jaia ospatuko dute leku eta ordu berean, eta kasu horretan, herrian bizi diren migratzaileak eta jatorri desberdinetako kolektiboak izango dira protagonista. Hain zuzen, beren herrialdetako gastronomia plazaratuko dute egitasmoan parte hartuko duten herritarrek, eta Hispanoamerikako, Afrikako, Asiako eta Europako jakiak erakutsiko dituzte.
Hori gutxi ez, eta Migratzaileen eta Errefuxiatuen 110. Munduko Jardunaldia ere egun horretan egingo dute, eta aurten, Azkoitian ospatuko dute. 11:00etan elkartu ostean, meza egingo dute parrokian, eta 13:00etan guztiak plazan elkartuko dira. Hain zuzen, Ana Azkoitia alkateak harrera egingo die bertaratutakoei, eta bazkalostean, 15:00etan, musika izango da nagusi parrokiaren aurrean.