AEK-k Kultur Etxeko hirugarren solairuan hasi du 2024-2025 ikasturtea —orain arte laugarrenean zeuden—, eta beraz, aurrerantzean han izango ditu bulegoa eta ikasgelak. Hain zuzen, atzo inauguratu zuten gune berria AEKren arduradunek, ikasleek eta udal ordezkariek.
Bertan izan zen, besteak beste, Marijose Arregi Euskara zinegotzia, eta hark azaldu zuen AEKri gune "zabalagoa eta erosoagoa" errazteak udalak euskarekin duen "konpromisoa berresten" duela: "Zorionez, AEK-ko matrikulazioek gora egin dute azkenaldian, hein batean, Azkoitian euskara ikasi nahi duenak doan ikas dezakeelako. Duela bi urte, udalak erabaki zuen euskara ikastea doakoa izan behar zuela, eta hartu beharreko neurriak hartu ziren horrela izan zedin. Urrats garrantzitsua da, eta begi bistakoa da, eragina izan duela, diru laguntza eskaerak nabarmen egin dutelako gora. Hori oso albiste ona da, eta bide onetik goazela erakusten du". Joan zen ikasturtean 100 ikaslek jaso zituzten Azkoitiko AEKren eskolak, 2020an baino ia erdiak baino gehiagok.