Aritz Aranbarri: "Etxetik hain gertu egoteak erraztu egiten du egokitzapena"

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 11a, 09:20

Aritz Aranbarri (SD Eibar)

Leganesekin aurreko sasoian lortu zuen igoerak oroitzapen ezin hobeak utzi zizkion azkoitiarrari, baina Espainiako Lehen Mailan minuturik ez izatea baino nahiago izan du Bigarren Mailara itzuli.

"Etxetik hurbilago ezin" aurkitu du Aritz Aranbarrik (Azkoitia, 1998) futbol ibilbide profesionaleko geltoki berria. 2011tik Realaren haztegian koskak igo ondoren, talde nagusiarekin lau partida jokatu zituen Reala B taldean aritu zenean; 2020an debutatu zuen Realarekin, Celtaren zelaian. 2023an utzi zuen Reala, Leganesera joateko. Abuztuaren 30ean aurkeztu zuen Eibarrek Azkoitiko erdiko atzelaria; Leganesek Espainiako Lehen Mailan agintzen ez zizkion minutuen bila itzuli da Euskal Herrira. Aurreko jardunaldian Ipuruan Levanteren kontrako partida aulkitik jarraitu ondoren, herenegun lehen minutuak jokatzeko aukera izan zuen Albaceten (0-1).

Zer moduzkoak ari dira izaten lehen egunak Eibarren?

Oso onak, oso ondo hartu naute lehen unetik. Gainera, etxetik hain gertu egoteak ere erraztu egiten du egokitzapena. Oso gustura nago.

Reala Btik Leganesera joan zinen duela urtebete, eta Leganesetik Eibarrera orain. Lehen Maila estreinatu berritik, Bigarren Mailara berriro. Zergatik Eibar?

Leganesen nahiko garbi azaldu zidaten ez nuela protagonismo handirik edukiko, ez nituela minutu asko izango. Halabeharrez, kide batek min hartu zuelako eta berriak ailegatzeko zeudelako, ligako lehen bi partidak jokatzeko aukera izan nuen, baina nahiko argi neukan irtetea zela niretzat aukerarik onena. Eibarrera joateko aukera sortu zenean, garbi ikusi nuen itzuli nahi nuela, bai Eibar zelako, bai etxetik gertu egon nahi nuelako. Aurreko urteetan goian ibili da Eibar Bigarren Mailan, proiektu erakargarria du, hasiera-hasieratik konfiantza osoa jarri zuten nigan klubaren ordezkariek eta garbi utzi zidaten taldean nahi nindutela. Batzuen eta besteen asmoak kontuan hartuta, ez nuen zalantzarik izan.

Hiru urterako sinatu duzu Eibarrekin. Egonkortasuna bilatzen al zenuen?

Urte batetik bestera edozer gerta daiteke; adibidez, Leganesekin bi urterako sinatu nuen eta, azkenean, bakarra osatu dut. Baina egia da hiru urterako kontratu bat sinatzeak ematen duela halako egonkortasun bat, bai, eta hori ere garrantzitsua da. Ea egonkortasun hori hemen lortzen dudan.

Nolako taldea aurkitu duzu?

Aurreko denboralditik asko aldatu da taldea, jokalari dezentek utzi dute eta iritsi berri asko gaude. Realean elkarrekin aritutako lauzpabost gaude, eta elkarren kontra aritzetik ezagutzen dudan jendea ere bai. Hasiera-hasieratik hartu naute ondo; jende euskalduna ere badago eta horrek, nahi eta nahi ez, erraztu egiten du egokitzea. Etorri aurretik izan nuen pare bat partida ikusteko aukera, eta hemen nagoenetik ikusi dudanari gehituta, taldeak itxura ona dauka eta bide onetik goazela ematen du. Ea horrela den, denboraldia bide onetik joaten den eta goiko postuetan bukatzeko aukera izaten dugun.

Eta nola ikusten duzu zeure burua? Garesti al dago hasierako hamaikakoan sartzea?

Han [Leganesen] minutu gutxi izango nituelako eta hemen [Eibarren] jokatzeko aukera gehiago izateko esperantzarekin etorri naiz Eibarrera, baina ikusi egin beharko da nola diren gauzak. Talde barruko lehiakortasuna beti da ona: jokalariontzat, hobetzen eta toki baten bila borrokatzen laguntzen digulako; eta taldearentzat, zer esanik ez. Beste batek aurrea hartzen badit, hari gauzak zailtzen saiatuko naiz ni, eta alderantziz gertatzen bada ere, ondo etorriko zait taldekideek niri gauzak zailtzea, lehiakortasunari dagokionez. Ea sarri jokatzeko eta hamaikakoan askotan egoteko aukera izaten dudan.

Azken hiru sasoietan Lehen Mailara itzultzetik gertu ibili ondoren, kolpe latzak hartu ditu Eibarrek. Igotzen saiatzea al da aurten ere taldearen helburua?

Igoera zuzenean lortzetik puntu bakarrera gelditu izan da urtero, eta gero, play-off-ak gaizki atera izan zaizkio. Beti hortxe ibili izan da, baina azkenean ezin izan du igotzea lortu. Helburuari dagokionez, denboraldia aurrera joan ahala ikusiko da. Uste dut txukun ekin diogula ligari, baina ikusi egin beharko da bide horretatik jarraitzen al dugun. Denborak esango du, ea zer lekutan jartzen gaituen eta zer borrokatan aritzea egokitzen zaigun.

Iaz Leganesen bizi izan zenuen zuk esperientzia hori, igoera lortzea eta ospatzea. Nola oroitzen dituzu une haiek?

Igoera lortu genuenekoa bizi osoan gogoratuko dudan eguna izango da. Leganesera joan nintzenean, igotzea ez zen helburua, baina ondo hasi ginen, ikusi genuen gai ginela helburu hori borrokatzeko eta, azkenean, lortu egin genuen. Oso oroitzapen onak ditut, bai igoera lortu genuen egunekoak, bai ondorengo ospakizunenak. Ea Leganesen bizitakoa berritzeko aukera dudan Eibarren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide