Anaitasunaren emakumeen taldeak porrotarekin hasi du denboraldia

Iraia Oteiza 2024ko ira. 8a, 15:05

Anaitasuna eta Eibar taldeen arteko partidaren irudi bat. (Anaitasuna)

Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeari ihes egin dio garaipenak denboraldiko aurreneko partidan. Gorritxoek 3-0 galdu dute Eibar taldearen aurkako neurketa.

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak ezin izan du garaipena eskuratu denboraldiko aurreneko neurketan. Eibar taldea 3 eta 0 nagusitu zaie gorritxoei, eguerdian hango Unbe zelaian jokatutako norgehiagokan.

Partida hasi eta bosgarren minuturako sartu du Eibarrek bere lehendabiziko gola. Hortik aurrera, armaginek aukera gutxi eman dizkiete gorritxoei, eta bigarren gola sartu dute 19. minuturako. Bigarren zatian ere Eibar izan da nagusi, eta hirugarren gola sartzea lortu du 58. minutuan. Anaitasunak partidaren amaiera aldera aukeraren bat izan duen arren ezin izan du markagailua irauli, eta 3-0 galduta, gorritxoek punturik eskuratu gabe itzuli behar izan dute etxera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide