Txerloia tenis klubak datorren denboraldirako Ranking Mistoa txapelketa antolatu du. "Lagun giroan tenis maila hobetzeko, jokalari berriak ezagutzeko eta tenisaz gozatzeko" aukera izango dela jakinarazi du taldeak. Urritik ekainera bitartean egingo dituzte saioak, eta dagoeneko zabaldu dute izen emate epea; irailaren 25era bitartean izango da horretarako aukera. 2010a baino lehen jaiotakoek izango dute saioetan parte hartzeko aukera. 669 621 802 telefonora Whatsapp mezua bidali behar da izena emateko.
Ranking Mistoak honako formatu hau izango du: lau jokalariz osatutako taldeak egingo dituzte, eta elkarren artean jokatzeko bost asteko epea izango dute jokalariek. Bost asteak amaitzean, lehen bi jokalariak mailaz igo eta azken biak mailaz jaitsiko dira. Jokalari bakoitzak pilota pote berria eraman beharko du bost asteko fase bakoitzean, norberak erosita. Pisten kasuan, tenis klubeko bazkideek ez dute pista ordaindu beharko. Bazkide ez direnek, berriz, beraien pistaren zatia ordaindu beharko dute jardunaldi bakoitzean (3,50 euro bizum bidez).
Partiden ordutegia jokalarien artean adostu beharko da. Pisten erreserba ordu eta erdikoa izango da; horrenbestez, partidak bi set irabaztera izango dira. Hirugarren bat egongo balitz, super tie break-a jokatuko da.
Bi fase
Rankingak bi fase nagusi izango ditu: sailkapen fasea eta azken fasea. Sailkapen fasea urritik maiatzera izango da, bost astero igoera eta jaitsierekin sailkapena berrituz. Azken fasea, aldiz, ekainean gauzatuko dute, kanporaketa fase gisa. Zortzi jokalariko kanporaketa koadroak egingo dituzte; koadro kopurua partaide kopuruaren araberakoa izango da. Kuadroa osatzeko garaian, azken jardunaldiko sailkapena hartuko dute kontuan.