Zazpi ikastaro aukeran, emakumeak ahalduntzeko ikastaroen edizio berrian

Andoni Elduaien 2024ko ira. 6a, 09:07

Mertxe Zubillaga zinegotzia, ezkerrean, eta BegoƱa Gorostiaga teknikaria, eskuinean. (Udala)

Ikastaroetan izena eman nahi duten herritarrek irailaren 27ra arteko epea dute. Berrikuntza bat gehitu diote, gainera, aurtengo eskaintzari: arropa itxura berritzen eta erabiltzen ikasteko, Upcycling-Joskera eraldatzailea  izeneko ikastaroa egingo dute.

Abian da emakumeak ahalduntzeko ikastaroen edizio berria. Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak zazpi ikastaro prestatu ditu irailetik abendura bitartean eskaintzeko, eta izango da berrikuntzarik; izan ere, Upcycling-Joskera eraldatzailearen ikastaroa eskainiko dute aurrenekoz, arropa itxura berritzen eta berrerabiltzen ikasteko. Horrez gain, beste sei ikastaro hauek ere antolatu dituzte: haurdunaldirako yoga, erditze ondorenerako yoga, batukada feminista, xilografia, eta Hitz-ahalduntzen eta Berdintasunari puntadak ematen izeneko ikastaroak. 

Emakumeek "ezagutza edo trebetasun berriak" eskura ditzaten antolatu ditu udalak ahalduntze ikastaroak, baita haiek "autonomia eta konfiantza" landu dezaten, kezkak parteka ditzaten eta "beraien eskubideez jabetzeko espazioak" sor ditzaten ere. Saioetan, gainera, inguruko errealitatea "ikuspegi feministatik" aztertuko dutela aurreratu du erakundeak, emakumeen "ahalduntze prozesuak bultzatzeko", eta eremu ezberdinetan "haien parte hartzea indartzeko".

Mertxe Zubillaga Azkoitiko Udaleko Berdintasun zinegotziaren arabera, parte hartzaileek garatzen dituzten trebetasunetatik harago, "harreman zirkulu nahiko hurbilak edo intimoak" sortzen dira ahalduntze ikastaroetan. "Sentimenduak, bizipenak edota bizi dituzten egoerak elkarren artean partekatzeko eta ikuspegi feminista nahiz ahaldundu batetik kudeatzeko balio dute ahalduntze ikastaroek", azaldu du Zubillagak.

Hona hemen ikastaro guztien egutegia eta ordutegia:

  • Haurdunaldirako yoga:
    • Irailaren 9tik abenduaren 23ra, astelehenetan, 18:30etik 20:00etara, Elkargunean.
  • Erditze ondorenerako yoga:
    • Irailaren 9tik urriaren 28ra, astelehenetan, 17:00etatik 18:30era, Elkargunean.
  • Batukada feminista:
    • Urriaren 14tik abenduaren 16ra, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara, Xabier Munibe ikastolan edo Azpeitiko Emakumeen Txokoan.
  • Xilografia:
    • Urriaren 2tik azaroaren 6ra, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.
  • Hitz ahalduntzen ikastaroa:
    • Urriaren 2tik abenduaren 19ra, asteazkenetan eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara, Elkargunean.
  • Berdintasunari puntadak ematen ikastaroa:
    • Irailaren 30etik azaroaren 25era, astelehenetan eta ostiraletan, 15:15etik 16:45era, Elkargunean.
  • Upcycling-Joskera eraldatzailea ikastaroa:
    • Abenduaren 2an, 9an, 12an eta 16an, 15:15etik 16:45era, Elkargunean.

Izen-ematea, irekita

Dagoeneko eman daiteke ahalduntze ikastaroetarako izena, udalak hilaren 27ra arte zabaldu baitu horretarako epea. Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan eman dezakete izena, dagokion formularioa betez, edota Azkoitiko Udalaren webgunearen bidez, honako lotura honetan sartuta. Herritarrek, halaber, lotura horretan bertan eskuratuko dute ikastaroei lotutako informazio guztia. Udalak jakinarazi du gutxienez sei laguneko taldea osatu beharko dela ikastaroa martxan jartzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide